Zazpi independentista katalanen espetxeratzearen aurrean

Soumis à la jeu, 26/09/2019 - 21:41

Zazpi independentista katalanen espetxeratzearen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

1. Gure mugimendutik elkartasuna adierazi nahi diegu espetxeratuei zein haien senideei. Era berean, salatu nahi dugu Guardia Zibilak, Espainiako Audientzia Nazionalaren baimenaz, atxilotuak inkomunikatu izana. Inkomunikazioa, berez, tortura mota bat da, baina gure kezka agertu nahi dugu atxilotuek Tres Cantosen jaso ahal izan duten tratuagatik. Tres Cantoseko kuartela tortura gune bat da.

2. Kataluniako herria, Euskal Herria bezalaxe, militarki okupatuta dago. Bortxaz inposatzen dizkigute espainartasuna eta frantsestasuna. Catalunya, Euskal Herria eta bi Estatu hauek zapaldutako herri guztien askatasuna galdegiten dugu. Alde hemendik!

3. Espainiako Estatua aditua da muntaia polizialak antolatzen, komunikabide, politikari, polizia eta epaileen laguntzaz. Bertan ez dira berme juridikoak existitzen eta salatu beharreko zerbait da. Demokrazia burgesen arauak ere ez ditu betetzen, bere benetako izaera faxista agerian utziz. Alabaina, ez da onargarria sozialdemokrazia abertzaleak eta burgesia nazionalistak muntaia hauek aprobetxatzea salaketa egitearekin batera, ezein herri borrokari zilegitasuna kentzeko eta desitxuratzeko.

4. Gure baloreekin talka zuzena egiten ez duen edozein militanteri elkartasuna adieraziko diogu beti errepresioaren aurrean, aukeratzen duen borroka moldea aukeratzen duela ere, borroka egitea zilegi delako. Gora Euskal Herria askatuta! Visca Catalunya lliure!

Euskal Herria, 2019ko irailaren 26a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.