Amnistiaren aldeko manifestazioa egin dute Durangon (Agiria eta argazkiak)

Soumis à la sam, 08/12/2018 - 19:29

Azken hilabeteetan amnistia zergatik defendatzen dugun azaldu dugu, eta erabili dugun leloak ezin hobeto laburbiltzen du: gudariak direlako! Amnistia aldarrikatzen dugu borroka egiten duenarekiko gertutasunetik, bere bizitzaren onena eman duenari zor zaion errespetutik.

Amnistia, ordea, ez da errepresaliatu politikoen askatze soila, baizik eta herri oso baten askatasuna batzen duen terminoa. Herritar zapalduez beteriko herri askea irudikatu ezin dugun modu berean, ezin dugu askatasuna ulertu eskubide kolektibo gisa ez bada. Amnistia ez da soilik iraganari begiratzen dion apustua, izan ere amnistia osoaren gauzatzea, hauxe askatasun nazionala eta soziala barnebiltzen dituelarik, batez ere etorkizunari begiratzea delako, errepresaliatu politiko gehiagorik ez egotea ziurta dezakeen alternatiba justu bakarra delako.

Era berean, amnistia defendatzen dugunean, borroka egiteko eskubidea defendatzen ari gara, beste masaila jarri behar izateren kontrako jarrera. Guztiz zilegi da, eta beharrezkoa ere bai, herri zapalduek inperio zapaltzaileen aurrean matxinatzea, eta esanahi hori ere darama inplizituki amnistia hitzak. Belauniko nahi gaituzte, despolitizatuta, burumakur eta etsita, eta amnistiaren aldarrikapenak gogorarazten digu nondik gatozen eta zeintzuk diren eskuratu nahi ditugun helburuak.

Euskal Herriaren historia hurbilaren kontakizunaren jabe izan nahian dabiltza gure etsaiak, eta hau ez da inolaz ere nostalgia kontu bat, baizik eta iraganaren bitartez etorkizuna baldintzatzeko saiakera zitala. Zapaldua terrorista eta zapaltzailea biktima bilakatu nahi dituzte. Torturatzailea heroi eta torturatua biolento. Carrero Blanco lege-gizon eta Argala hiltzaile. Eta historia horrela desitxuratuz, gazteria kikilduta, kemenik gabea eta bere indarren gaitasunaren sinesgabea nahi dute. Borroka egitea ez duela ezertarako balio sinestarazi nahi digute Euskal Herria lokartuta mantentzeko asmoz.

Horregatik diogu amnistia aldarrikatzea etorkizunaren aldeko apustua dela, horregatik diogu amnistiaren alde lan egiten dugunean borrokarako ateak irekitzen ari garela, eta horregatik diogu “amnistia” oihukatzen dugunean herri honen aurka erabili duten eta erabiltzen jarraitzen duten indarkeriaren aurrean altxatzeko deia luzatzen ari garela.

Ez dugu etsiko militante guztiak libre izan arte, borrokan jarraituko dugu Euskal Herriaren eta bere langileriaren aurkako jazarpenak irauten duen bitartean. Jo ta ke amnistia lortu arte!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Azaleko argazki berbera

Manifestazioaren bukaera, manifestariek plazan zirkulu bat eginez

Manifestazioa erdialdetik hartuta, pankartaren ifrentzua eta jendea bizkarretik