Herri errebelde eta borrokalariari


Patxi Ruiz -euskal preso politikoa- Soumis à la mer, 22/07/2020 - 14:26

Gose-greba bukatutzat ematea erabaki nuenean (egarri greba ere hasieran), erabaki horren berri eman nion nire familiari, eta publiko egin zezan eskatu nion. Gaineratu nion ere laster jakinaraziko nuela zergatik eten nuen hain borrokaldi gogorra.

Badakizue zeintzuk izan ziren presondegi honetan gertatu ziren gertaerak, zeintzuk, aldi berean, erantzun errepresiboa eragin zuten, eta, era berean, jada amaituta dagoen borroka hau hasteko erabakia eragin zuten.

Orain neu naiz, apurka-apurka, hemen espetxean hasitako borrokak Euskal Herrian izan duen eraginaren tamainaz jabetzen ari dena, eta onartu behar dut harrituta eta, neurri batean, gainezka eginda nagoela.

Espetxe honen barruan gertatu zena, maiatzaren 9an eta 10ean, argi eta garbi gogoratzen dut, militante politiko gisa hartu nituen erabakiak gogoratzen ditudan bezala (hartu behar izan nituenak!).

Are gehiago, aditzera eman diezazueket borroka bukatu eta egun gutxira gertaera horiei buruz eta hartutako erabakiei buruz egin dudan balorazioa.

Borroka horri ekitea, berau galdu edo irabazi baino gehiago, beharrezkoa zen. Espetxe barrutik entzun zen oihua hil ala bizikoa zen; izan ere, horren bidez, preso guztien bizi-baldintzen salaketa adierazi nahi zen, are gehiago COVID-19ren etorrerarekin, eta preso politikoen kasuan duen eragin erantsiarekin, salbuespenezko eta benetako sarraski politika pairatzen ari baikara.
Are mingarriagoa izan zen garrasi hura, egun osoan zehar, eta hainbat alditan, espetxe-sistema zigortzaile horren egileen aldetik jasan behar izan nituen tratu txar eta heriotza-mehatxuengatik.

Nire ustez, eta nire kontzientzia politikotik, hemen espetxean gertatu denaz gauza garrantzitsu bat izan da oharkabean igaro dena: pertsona talde batek egunero kontzentratzea erabaki izana COVID-19aren etorreraren aurrean, errepresio kudeaketatik eratorritako eskubide politiko eta sozialen urraketengatik, eta, hain zuzen ere, kontzentrazio horiek espetxe baten barruan egitea, eta ez, logikoagoa izango litzatekeen moduan, kaletik; hala ere, jabetzen naiz COVID-19a ustekabean iritsi zela kalera ere, konfinamendu gogorra pairatu beharrarekin batera.

 Une horretatik aurrera gertatutako guztia (bai hemen barruan, zein kanpoan) izan da,  muturreko protesta hau garatzeko hautuak merezi izan duela sentiaraztea lortu duena, eta egindako aldaketa positiboki baloratu behar dut, nire bizitza lehen zegoen arrisku berean ez dagoela sentitzea ahalbidetu baitu. Hori guztia, berriz diot, hormaren bi aldeetan egindako borrokari esker.

Ez dago zalantzarik guzti hau ordainaraziko didaten eguna iritsiko dela; izan ere, oraingo honetan, lezioa guk eman dugu, baina egia da protesta eta mobilizazioaren ondorioz sortutako beste egoera berri honetan zailagoa izango zaiela beren heriotza-mehatxu koldarrak gauzatzea, epe laburrean behintzat.
Borrokarekin behar beste denboran jarraitzeko uste sendoa nuen; izan ere, aurreko komunikazio publikoan azaldu nuenez, bizirauteko berme gehien, aldarrikatzen nuen egoeran ikusten dut: preso eta preso politiko guztien aberriratzearen bidez. Gainera, presondegiaren aurrean erantzun beharra zegoen, presoekiko izan zuen jarrera errepresiboagatik, gehiengo esanguratsu bat egiten ari ginen kontzentrazioak zirela eta.

Nire egunerokotasunak, borrokan zehar, arlo pertsonalean, presondegiarekin izandako pultsuari buruz sentitu eta pentsarazi dit, ez gainerakoengandik banandutako erakunde baten aurkako borroka bezala, baizik eta kartzela-sistemaren oinarri den bidegabekeria eta errepresio sare horren guztiaren aurkako borroka gisa.

Egia da ia egunero izan dudala harremana telefonoz, bai abokatuekin, bai familiarekin, bai lagunen zirkulu hurbilarekin. Sentsazioa zen ni espetxe sistema zigortzaile horren aurrean nuen borrokan zentratua nengoela, eta egia da hasieran ez nintzela erabat jabetzen hor kanpoan izaten hasi zen inpaktuaz.

"A ze aurrikuspen falta nire partetik", pentsatu nuen, protesta gogor horri ekitea hausnartzen ari nintzela, batez ere osasun mailan eta gure klase etsaien eskutik eragingo zizkidan ondorioengatik.

Sufritu, preso gauden guztiok sufritzen dugu, baina gure artean ere egoera hori modu ezberdinean pairatzen dugu; izan ere, egun batean ere ez dut ahazten dozenaka kidek nik neuk baino bizi-baldintza okerragoak dituztela.

Sentiberatasun eta enpatia handia sentitzen dut gaixotasun larriak eta/edo sendaezinak dituzten kideekin, sentiberatasuna eta enpatia urteak daramatzaten kideekin, adineko kideekiko sentiberatasuna eta enpatia, urte askotako espetxealdia bizkarrean dutela; sentiberatasun eta enpatia hori ez da inoiz agortzen isolamendu galerietan urte gehiegi daramatzaten kideekiko. Sentiberatasun eta enpetia senide guztiekiko eta pairatzen duten sufrimenduarekiko, zeina, asterik aste, isladatua ikusten dudan nire hurkoen aurpegitan.

Pribilegiatua naizela esan dezaket, deskribatu berri ditudan kide guztien egoerekin eta bizi-baldintzekin alderatuta, zeinak, ez zaizkiee mendeku huts eta gogorragatik bakarrik pairarazi egiten, baizik eta gure etsaien estrategia politikoagatik; izan ere, beti bilatu izan dute suntsiketa pertsonala eta militantea, beren interes politikoei erantzuten dien helburu gisa, egungo zapalkuntza- eta menderatze-sistemari eusteko.

20 egun inguru neramatzan borrokan, eta orduan hasi nintzen Euskal Herriko kaleetan gertatzen ari zenari buruzko ideia argiagoa sortzen. Geroago, beste herri batzuetan izandako oihartzunaren berri izango nuen. Lehenik eta behin, arreta jartzen diot kaleetan lortzen ari zen mobilizazio eta aktibazio militanteari (eta beste maila batean beste espetxe batzuetan ere bai). Ondoren, Euskal Herriko bizitza politikoan sortzen hasi ziren ondorioez ohartzen naiz.

Hori guztia baloratzen dut, neurri batean, elkartasunaren eta kezkaren ikuspegitik, jasotako tratu txarren eta heriotza-mehatxuen ondoren jasaten ari nintzen egoera zailarekiko, baina baita egiten ari nintzen errebeldia eta borroka keinuarekiko ere.

Bestalde, askoz gehiago baloratzen dut gertatutakoa; izan ere, aldez aurretik zegoen konpromiso militantetik abiatuta, balio izan du, berriz ere, preso politikook jasaten dugun egoeraren gaia, maila guztietan, berriro atera dadin giltzapean zegoen kutxatik, berriz ere mahai gainean jartzeko, merezi duen ikusgarritasuna eta premia emanez.

Hori ezin zuen nik egiten nuen borrokak bakarrik sortu, nahiz eta hori pentsatzen duten pertsonak eta militanteak egon.
Egia esan, uste dut azken urteotan nolabaiteko "hazitegi" moduko bat sortu dela gu guztion artean, alde batetik, sektore ofizialistak gai honetan egindako kudeaketak ez duelako eraginkortasunik izan edo fruiturik eman, eta bestetik, gai honen inguruko aldarrikapen historikoak inoiz alde batera utzi ez dituzten erakundeek egindako lanari esker ere. Beren errebeldiagatik ezagutu dugun herri hontako kaleek beti izan duten mobilizazio eta aktibazio politikoaren maila berreskuratzeko lanean ari diren erakundeak. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua (AEM) ez ezik, amnistiaren aldarrikapena alde batera utzi gabe modu autonomoan antolatzen diren talde horiez eta errepresioaren aurkako beste batzuez ere ari naiz. Hori guztia areagotu egiten da, nola ez, hamarkadaz hamarkada gu zapaltzen jarraitzen duten estatuek gai hau konpontzeko urratsak emateko orduan erakusten duten itxikeriagatik.

Atsekabe horretatik abiatuta, lehen aipatutako "hazitegia" onduz joan da, eta gero eta jende gehiago bildu da, baina bereziki aipatuko nituzke euskal gazteria errebeldea osatzen duten belaunaldi berriak.

Presondegi barrutik entzun zen garrasiak, kaleak berriz argitu zituen txinparta izan zatekeen.
Baina argi hori ez zatekeen posible izango duela urte batzuetatik hona egiten ari den lan militanterik gabe, eta, jakina, gazteen parte hartze sendorik izan gabe kalera atera eta baraualdiak egiteko orduan, Patxi Ruizen egoeragatik ez ezik, preso, errefuxiatu eta deportatuok osatzen dugun errepresaliatu politiko multzoaren egoera ere salatzeko.

Hori guztia gertatu da estatuari desafio egiten zenioten bitartean, ezarritako konfinamenduak zuen ahaleginari meritu bikoitza emanez.

Gazteok, eta ez hain gazteok, kalera modu desberdinetan irteteko izan dituzuen arrazoiei dagokienez, imajina dezaket denak ez direla bide beretik joango.
Arrazoiak edozein direla ere, txalotu besterik ezin ditut egin. Benetan txalotzen zaituztet, eta alde batera uzten ditut gai honen inguruan ditudan uste sendoak ( ezagutzen dituzuenak, publiko egin bainituen). Eta hori egiten dut, gaur egungo egoeran garrantzi handiagoa ematen diodalako kalera etengabe irteteari, egin duzuen bezala, elite txiki batek erabaki bezala baino: urtean behin, urtarrilean, eta ia inoiz gauzatzen ez diren kanpainen iragarkiekin.

Kalea beti izan da topaleku. Salaketarako eta helburu politiko eta sozialak lortzeko beste tresna politiko bat izan da, eta kalean lortu dira nire belaunaldikook "gozatu ditugun" eskubideak, gure gurasoek eta aitona-amonek isuritako izerdi eta odolari esker. Eskubide horien gainean ezer gutxi dakite belaunaldi berriek; izan ere, kendu egin dizkigute, kapitalismoaren izenean zapaltzen gaituztenen oldarraldien ondorioz.

 Berriro kalera irten beharra dago, berriro elkartu eta berrelkartu. Hori ez dut esaten soilik irtenbide bat bilatzeko azken hamarkadetan euskal lurretan bizi izan den gatazka politikoaren ondorioetako baten parte garen gu guztiontzako, baizik eta guztion artean, zapaltzen gaituen uztarria gainetik kentzen lagunduko digun mugimendu politikoa diseinatu ahal izateko. Mila urtetako lurralde hau desagerrarazi dezakeen uztarria, kapitalismoaren berezko interesen morroi bihurtu arte; izan ere, gure arbasoek pairatu zuten okupazioa eta zapalkuntza pairatzen jarraitzen dugu guk, eta belaunaldi berriek modu larriagoan pairatzen hasi dira.

 EPPKren izenean idazten dutenek diotenez, preso politiko guztiei aplikatzen zaien salbuespen politikaren beste biktima bat izan naiz, COVID-19aren etorrerak are larriagoa bihurtu duena. Aipatua izan naizenez, zehaztapen hau egin behar dut: biktima ez, jaun andreok. Ni, preso dauden beste militante politiko asko bezala, salbuespenezko politika horren beraren ERANTZUNA naiz. 

Bestalde, bidegabea litzateke espetxe honetan dauden lagunei nire esker ona ez adieraztea, borrokan egon naizen denbora honetan eskaini didaten errespetu eta tratu onagatik. Argitu nahi dut nik neuk eskatu niela borroka hau bakarrik egitea. Halaber, eskatu nien inolako borrokaldirik ez egiteko nirekin elkartasunean. Badakit kezkatuta zeudela zuen egoerarekin. 

Ez litzateke bidezkoa izango egoera latz honen aurrean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AEM) nirekin izan duen jokabidea merezi duen bezala ez baloratzea, ez eta lehen aipatutako taldeak eta presoen eskubideen alde borrokatzen duten elkarteak ere, hala nola Salhaketa, Pronoia eta Murtziako eskualde honetan hainbesteko elkartasuna eta babesa helarazi didaten beste batzuek. 

Aipamen berezia egin nahi diot nire abokatuek egindako lan juridiko neurtezinari. Baita nire familia eta lagunen zirkuluari ere, bere aldetik egindako lan eskerga dela eta (oso gogorra, batzen gaituzten lotura emozional estuengatik). 

Eskerrak eman nahi dizkiet ere Galizako eta Kataluniako lurraldeetatik etorritako elkartasunari eta mobilizazioei, bai eta geografikoki urrun baina borroka beraren bidez elkartutako beste herri batzuetatik etorritakoei ere; modu pertsonalean jasotako elkartasunari, bidalia izan den samurtasun berarekin jaso baitut, eta baita bere askatasunaren alde borrokan jarraitzen duen euskal herri honetara bidalia izan denari. 

Kontakizun honekin amaitzeko, gose greba uzteko erabakia hartzera bultzatu nauten arrazoiak azalduko ditut: Kanpoan gertatzen zen guztia ulertu nuenean, konturatu nintzen, borrokan jarraituz gero, nire osasun egoerari dagokionez, larriagotze edo zorigaiztoko amaiera batek inoiz nahi izan ez eta nahi izango ez nuen egoera bat sor zezakeela. Zapore mingotsarekin, aurreko komunikazioan ezarritako helburuak lortu ez ditugulako, eta oraindik erabakirik egokiena izan den jakin ez arren, orain balio handiagoa ematen diot kalean berriz elkartzeari, antolatuta, zorigaiztoko amaiera baten ondorioei baino. Uste dut unea dela sortutako mugimendua hazteko, ez inplosionatzeko.

Pentsarazi didazue, eta sinetsarazi, orain zuek zaretela zuen konpromiso indibidual eta militantearekin duela aste batzuk hasitako borrokaren lekukoa hartzen duzuenak. Kalera ateratzen jarraituko duzuela, harik eta preso politiko guztiak, militantzia politikoko gure ereduetan bereizketarik egin gabe, askatzea lortu arte. Ez da onargarria hilerrietako bakea, ezta zapaltzaileek eskaini eta erreformistek onartzen duten pax-erromatarra ere.
Helburu horiek lortzeko, antolaketa eta borroka!

Borroka da bide bakarra
                                                                                            - Patxi Ruiz, militante politiko presoa-