Tratu umiliagarria eman zioten poliziek Patxi Ruiz Txantreako preso politikoari


Familiaren etxean gertatu zen larriki gaixo duen aitari egindako bisitaren baitan Og, 2018/09/20 - 00:24 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, Espainiako Poliziak eta Iruñeko espetxeko kartzelariek Patxi Ruiz euskal preso politikoari emandako tratua salatu nahi du.

Irailaren 17an Patxi Iruñeko Txantrea auzoko etxe familiarrera eraman zuten larriki gaixo duen aitarekin bisita egin zezan. Ordubetez izan zuten bertan, baina aita ikustearen poztasunari poliziek izandako jarrera iraingarria gehitu behar zaio.

Batetik, familiarekiko izandako portaera salatu nahi dugu. Ezinduta dagoen aitarekin egoteko zailtasunak jarri zizkioten amari (aitak uneoro behar du laguntza), anai-arrebei ez zieten etxean egoten utzi, Patxiri ez zizkioten eskuburdinak kendu bisitak iraun zuen denbora guztian sikiera aitari besarkada bat eman ahal izateko, era zakarrean zuzendu zitzaizkion poliziak, eta ura eman ziezaioten arazoak ere jarri zizkioten, plastikozko edalontzirik ez zegoela argudiatuta. Horretaz aparte, eserlekuan zegoenean bi polizia izan zituen alde banatan, ia kontaktu fisikoan, eta aita agurtzeko intimitatea ere ez zioten errespetatu.

Bestetik, kalean Patxiri babesa ematera hurbildutako lagunei mehatxu egin zieten poliziek, eta preso politikoa etxetik atera zutenean bertan bildutakoei bultzaka hasi zitzaizkien.

Baina poliziak ez dira izan Patxiren aurka aritu diren bakarrak. Iruñeko espetxean, sarrera egin zioten kartzelariek oihuka aritu zitzaizkion, bere izenez deitu beharrean “jauntxoa” deitzen aritu ziren, abokatuari telefonoz deitzeko oztopoak jarri zizkioten, ez zuten patiora atera nahi izan eta probokatzen ibili ziren.

Patxiri eman dioten tratu umiliagarriaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere babes osoa helarazi nahi die bai Txantreako gudariari zein bere sendiari, eta estatu okupatzailearen mertzenarioen jarrera koldarra salatu. Era berean, azpimarratzea adibide hau baliagarria dela ondorioztatzeko preso politikoen urruntzearekin bukatzeak zenbait urraketa garrantzitsu bertan behera uztea erakarriko balu ere, amnistia osoa lortzen ez dugun bitartean, bahitu politikoak etsaiaren atzaparretatik askatzen ez ditugun bitartean, militante duinenen aurkako erasoek ez dutela etenik izango. Gudariak direlako erasotzen dituzte, gudariak direlako amnistia osoaren aldeko borroka elikatzen jarraituko dugu.

Euskal Herria, 2018ko irailaren 20a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.