Kartzelari espainiarren grebaren aurrean


Azaroaren 17tik 20ra bitartean Az, 2018/11/14 - 02:14 argitaratua

Espainiako kartzelariek azaroaren 17tik 20ra bitartean deitutako grebaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Greba honen ondorioz, espainiar Estatuak bahituta duen ezein presok ez du bermatuta edukiko asteburu honetan senide edo lagunen bisita jaso ahal izatea. Ez da kasuala, gainera, greba hau asteburuan hastea, izan ere sistemaren txakur diren kartzelarien xedea baita presoak bahitu gisa erabiltzea euren aldarrikapenak egiteko. Era berean eta aurrekoetan bezala, ospitalerako irteerak atzeratuak izango dira presoen osasunaren kalterako, patioko orduek murrizketak izango dituzte, eta, oro har, presoak are eta gehiago zigortzeko erreminta bikaina bilakatuko dute greba.

Komunikazio eskubideei dagokienez, gogora dezagun zeintzuk diren preso politikoen baldintzak: astero, interbenituta dauden bi eskutitz (kartzelako zuzendaritzak irakurtzen ditu) bidaltzeko eta heltzen zaizkien bezain beste jasotzeko (baita ere interbenitua) eskubidea, normalean hilabete bateko epeaz, legeak 15 egunez atxiki daitezkeela dioen arren; astean bost minutuko zortzi dei egiteko eskubidea (interbenituta); astean 40 minutuko bisita bat jasotzeko eskubidea (interbenituta eta kristal batek banatuta); hilean ordu eta erdiko aurrez aurreko bisita familiar bat (interbenituta) eta bikotekidea izanez gero aurrez aurreko bisita intimo bat (azken hau, salbuespen moduan, interbenitu gabe) edukitzeko eskubidea.

Langile borrokaz mozorrotutako greba honetan kartzelariek soldata igoera eskatzen dute, baina batez ere neurri errepresiboen gogortzea ekarriko lukeen iaz onartutako protokolo bat praktikan jartzea, kartzelariak Autoritate Publiko bihurtuz eta lesioen parterik aurkeztu gabe ere kartzelariaren bertsioa aintzat hartuko lukeena preso batek eraso egin diela salatuko balute.

Euren aldarrikapenak egiteko orduan, kartzelariek etengabe aipatzen dituzte presoen partez jasotzen dituzten erasoak eta hauen aurrean sufritzen duten babesgabetasuna. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, izan ere presoen kontrako erasoak etengabeak baitira kartzelarien aldetik: jipoiak, eskubideei dagozkien arauen betetze eza, asistentzia mediku eza, isolamendu moduluak, umiliazioak, irainak eta abar luze bat dira eguneroko kontu Espainiako kartzeletan, telebistan luxuzko hotelak bailiran aurkezten dizkiguten zulo beltz horietan. Hau guztia, harresiek eta espetxe zaintzako epaileek kartzelariei eskaintzen dieten zigorgabetasunarekin.

Ez dezagun ahaztu kartzela (eta ondorioz kartzelariak ere) langileriaren bizi baldintzak zapaltzen dituen sistema kapitalistaren zutabe nagusietako bat dela eta, hortaz, ez ditugula langiletzat hartzen besteei askatasuna lapurtzeaz bizi diren horiek. Kartzeletan, salbuespenak salbuespen, langile pobreak eta militante politikoak baino ez dituzte giltzaperatzen, eta kartzelariak kartzelen jabeen txakurrak baino ez dira.

Gure elkartasun osoa sindikatu erreakzionarioen greba honen ondorioak pairatuko dituzten preso eta senide guztiei.

Euskal Herria, 2018ko azaroaren 14a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.