Iurgi Garitagoitia eta Asier Borreroren kasuen aurrean


Felipe Gonzalez eta GAL Ar, 2020/06/16 - 15:14 argitaratua

Ohar honen bidez Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi nahi die Iurgi Garitagoitia eta Asier Borrero preso politikoei. Lehenengoari jasotako espetxe zigor berriaren aurrean, eta bigarrenari kartzelatik irtetea eragozten dion eta ireki berri dioten auziaren aurrean.

Iurgi Garitagoitiari 389 urteko zigor berria ezarri dio Espainiako Audientzia Nazionalak. Hau, lehenago salbuespen epaitegi faxista horrek ezarritako beste zigor batzuei eransten zaizkio, baita Frantziak ezarritakoari ere. Era honetan, bizi osorako espetxe zigorra da betearazi nahi diotena, nahiz eta ofizialki Espainiako Estatuan bizi osorako zigorrik existitzen ez den.

Ofizialki existitzen ez den beste gauza bat, tortura kasuak dira. Alabaina, Asier Borrero pasa den asteko asteazken eta ostegunean epaitu egin zuten, Aitor Cotano Algortako preso politikoari torturapean lapurtutako deklarazioetan oinarrituta. Espainiako Audientzia Nazionalak Asier absolbitu du baina Cotanoren aurkako torturak babestu ditu, Guardia Zibilaren kuartelean egindako deklarazioak “espontaneoak” izan zirela sententziatuz.

Asier Borrero absolbitu duten arren, aurreko asteartean, epaiketa hasi baino egun bat lehenago, auzi berri bat ireki zioten bere askatzea ekiditeko asmoz. Beraz, irmoki salatu behar dugu GAL juridikoaren amarru berri hau eta bere berehalako askatzea exijitzen dugu.

Errepresioaren aurrean elkartasuna adierazi behar dela defendatu dugu beti, minimo moduan eta desberdintasun politikoak desberdintasun, inoren ildo politikoa baldintzatzea bilatu gabe, elkartasuna inoiz xantaia bihurtu gabe.

Felipe Gonzalez eta GALen X

Azken egunotan ezagutu dugu CIA-k desklasifikatutako dokumentu batzuen arabera Felipe Gonzalezek agindu zuela GAL sortzea euskal militante politikoak (eta militanteak ez zirenak ere) erailtzeko. Hau mundu guztiak baldin bazekien ere, dokumentuek ofizial bihurtzen dute orain arte ofiziosoa zena.

Batzuek diote gaurko PSOE eta ordukoa ez direla berbera. Taktika zaharra da gaur gertatzen dena 20 urte beranduago onartzea ardura politikoak saihesteko, baina errealitatea da Pedro Sanchez gazte batek, orain dela urte asko, telebistako platoetatik zebilela GAL defendatzen. Hemeroteka horrelako gauzetarako oso baliogarria da.

PSOEko gaurko agintariek ere Felipe Gonzalezen lana defendatzen dute. PNVk soilik zeharka kritikatzen du, izan ere Felipe Gonzalez zein Pedro Sanchez bidelagun baititu. Azken asteetan pintadengatik kexaka eta negarrez ibili direnek beste alde batera begiratzen dute GALen gaiarekin, ez baitzaie interesatzen horri buruz hitz egitea. Torturekin ez zuten beste alde batera begiratzen, haiek guztiek praktikatu baitituzte, baina besteoi eskatzen ziguten beste alde batera begiratzea. Era berean Sanchez Corbi eta Perez de los Cobos torturatzaileak babesten eta hitzaldietara eramaten jarraitzen dute, herriaren aurako biolentzia berezkoa dutelako Estatuek, estrukturala da.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak arazoaren sustraira joaten jarraituko du, espainiar trantsizio faltsua salatuz eta borrokaren zilegitasuna defendatuz. Borroka zilegi delako, amnistia osoa!

Euskal Herria, 2020ko ekainaren 16a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.