Iruñeako Gaztearen atxiloketaren aurrean

La, 2019/07/06 - 13:49 argitaratua

Espainiako Poliziak gazte bat atxilotu zuen atzo Iruñean. 2016ko apirilaren 26an Leioako kanpusean Unibertsitatearen neurri errepresiboen aurkako protestetan parte hartzea leporatzen diote, beste bost gazteri bezala. Egun horretan, beranduago 'Leioako 6ak' izenez ezagunak izango ziren sei gazteak atxilotu zituzten zipaioek.

Prozesu judizialak aurrera jarri zezan seiek pasatu behar zuten berriz epailearen aurretik, baina prozesuaren zilegitasuna onartu ez eta epailearen aurrera ez joatea erabaki zuten. Azken hilabeteetan denak atxilotzen joan dira, beti egun berean askatu dituztelarik.

Prozesu judizial osoaren eta zehazki atxiloketa hauen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere sostengua adierazi nahi die gazteei, ez bakarrik pairatzen ari diren jazarpen juridiko-polizialaren aurrean, baizik eta hartutako jarrera ausartari dagokionez ere. Jarrera politiko duinek sinesgarritasuna ematen diote borrokari eta argi dago gazte hauen jarrera eredugarria dela.

Errepresioaren aurkako ildoari dagokionez, esan beharra dugu amnistiaren aldarrikapena ez dela soilik iraganeko borroken ondorioz errepresioa sufritzen dutenei begirako apustua, baizik eta iraganeko eta etorkizuneko borrokak batzen dituen haritik tiratzea dela. Estatuen eta erreformismoaren partez Euskal Herrian bizi dugun gatazkaren eta borroka eskubidearen despolitizazio saiakeran murgilduta gaudela kontutan izanda, hemendik aurrera borroka izango dugu amnistiaren aldarrikapenaren ardatz, eta ozen oihukatuko dugu: BORROKATZEA ZILEGI DELAKO, AMNISTIA OSOA!

Euskal Herria, 2019ko uztailaren 6a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.