Ikasle mugimenduaren aurkako erasoaren aurrean

Og, 2018/06/28 - 15:22 argitaratua

Guardia Zibilak ikasle mugimenduaren aurka gaur burututako operazioaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

-Gure mugimenduak elkartasun osoa adierazi nahi die 3 atxilotuei. Era berean, ikasleek euren burua antolatzeko eta euskal hezkuntza sistema propioaren alde borrokatzeko duten eskubidea defendatu nahi dugu. Sistemak ikasleak eta gazteria asimiliatuta, otzan, ideologiarik gabe eta indibidualista nahi dituen bitartean, guk horren aurrean errebelatzen direnak txalotu nahi ditugu.

-Kasu zehatz honetan badirudi zigortu nahi dutena borrokan hildako gudarien memoria bizirik mantentzea dela, eta Gasteizko kanpusean Zigor Aranbarriren oroimenez Gudari Egunean egindako ekitaldia hartu dutela aitzakia moduan operazio hau burutzeko. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Zigor Aranbarrik eta askatasunaren alde bizitza eman zuten gainontzeko gudarien konpromisoa azpimarratu nahi du. Gudariak zirelako, ez ditugu inoiz ahaztuko.

-Operazioa Guardia Zibilak egin du Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz, eta terrorismoaren gorazarrearen kontrakoa dela adierazi. Hain zuzen ere, Guardia Zibila eta Espainiako Audientzia Nazionala dira terrorismoaren gorazarrearen eta praktikaren adibiderik garbienak. Beraiek osatu eta babestu dituzte gerra zikina egiteko Estatu espainolak sortutako talde terroristak, eta beraiek izan dira torturaren praktikan protagonismo handiena hartu dutenak. Jendearen artean izua zabaltzea da terrorismoa, eta Euskal Herrian norbaitek izua zabaldu baldin badu, beste batzuk ahaztu gabe, Guardia Zibila eta Espainiako Audientzia Nazionala izan dira. Alde hemendik!

-Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bat egiten du ikasle mugimenduak operazio hau salatzeko deitu dituen mobilizazioekin eta Euskal Herriari haietan parte hartzeko deia egiten dio.

Euskal Herria, 2018ko ekainaren 28a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.