Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren atxiloketen aurrean

Og, 2019/02/07 - 15:23 argitaratua

Zipaioek Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurka burutako atxiloketen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotuei eta haien askatasuna galdegin. Errepresioaren aurrean elkartasuna eta errepresoreen kontrako salaketa izango da beti gure erantzuna.

Bestetik, esan beharra dugu gure jarrera ezartzeko orduan berdin zaigula leporatzen dietena egia den ala ez, izan ere eta Espainiako Audientzia Nazionalak froga nahikorik gabe atxiloketak agintzeko eta kondenak ezartzeko duen erraztasuna jakinda ere, kasu guztietan zilegitzat hartzen baitugu herriak bere burua antolatzea. Zilegitzat hartzen dugu zapaltzen gaituzten Estatuei indarraren monopolioa kentzea.

Beste kontu bat izango litzateke norberaren jarduerak babestearen eta beste herri adierazpen batzuenak kritikatzeren arteko kontraesanei zelan aurre egin, baina hori ez dagokigu guri kudeatzea, baizik eta kontraesan horiek sufritzen dituztenei.

Azpimarratzekoa da ere PNVren polizia politikoak, komeni zaionaren arabera kasu ezberdinei aurre egiteko duen langa bikoitza da. Argia da atxiloketa hauen aurrean antolatu duten operatiboa, orain gutxi familia abertzale baten aurka tiro egin zuen polizia erretiratuaren aurrean erabilitako biguntasunarekin konparatzen badugu. Badakite nor tratatu lagun moduan eta nor etsai gisa.

Izan dezagun guk ere argi nor den gure etsaia, eta izan dezagun argi herri honen askatasuna lortzeko bide bakarra borroka izango dela. Jo ta ke irabazi arte! Amnistia osoa!

Euskal Herria, 2019ko otsailaren 7a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.