Frantziako Estatuan preso daudenen iragarritako hurbilketari buruz


DPS estatusa, azken hurbilketak eta FIJAIT fitxategia Az, 2018/02/28 - 12:25 argitaratua

Astearte honetako albistea izan da Zigor Garro eta Julen Mendizabal euskal preso politikoak Mont-de-Marsaneko kartzela frantsesera hurbildu dituztela. Azken hilabeteetan Frantziako Estatuak preso politikoekiko izan lezakeen balizko jarrera aldaketa bati buruz hitz egin dute eragile eta alderdi politiko ezberdinek, eta horren inguruko balorazioa egin nahi du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioren Aurkako Mugimenduak.

Bake Bidea plataformak urtarrilean iragarri zuen frantziar Estatuak euskal preso politikoak Euskal Herrira gerturatzea onartua zuela. Era beran, iazko azaroan zazpi preso politikori DPS (Détenus Particulèrement Signalés) estatusa kendu zietela iragarri zuen, preso hauen bizitza kartzelan baldintzatzen duen neurria alegia.

Iragarpen hauek guztiak 'bakea eta normalizazioaren' bidean emandako urrats garrantzitsu gisa saldu zituzten Euskal Herriko eragile politiko gehienek. Bestalde, 'biktimenak' deritzan erakunde ultra eskuindarrek, Frantziako Justizia Ministerioarekin bildu eta gero, lasaitu handia hartu zutela egin zuten publiko, izan ere ziurtatu baitzieten egin beharreko mugimendu guztiak 'legearen barnean' egingo zirela eta ez zirela negoziazio baten ondoriozkoak izango. Beranduago, Frantziako Justizia Ministerioak argi utzi zuen gerturatze horiek hainbat baldintza betetzen zituzten presoekin baino ez zituela onartuko: zigorraren zatirik handiena beteta edukitzea, portaera ona mantentzea, Espainiako Estatuan auzirik irekita ez edukitzea, eta 'odol delituen' akusaziorik ez izatea.

Albiste hauen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioren Aurkako Mugimenduak ezinbestekoa ikusten du itxaropen faltsurik ez sortzeko beharrezkoak diren hainbat datu plazaratzea. Ez dira gutxi sakabanaketa politikaren ondorioak preso edota senide moduan pairatu dituzten eta oraindik pairatzen dituzten gure militanteak, eta hortaz, gure desio irmoa da preso politikorik gelditzen den bitartean, behintzat ahalik eta bizi baldintza onenetan egon daitezela, eta horretarako errealitatea ez desitxuratzea beharrezkoa da.

Lehenik eta behin azaldu behar dugu Frantzian aplikatzen duten DPS estatusa, Espainian FIES estatusarekin gertatzen denaren kontra, ez dietela preso politiko guztiei aplikatzen eta, preso horien epaiketa guztiak bukatu eta gero, ohikoena dela DPS estatusa bertan behar uztea. Frantziar Estatuaren jarrera hau ez da berria, aspaldikoa baizik, eta hortaz, azaroan DPS estatusa kendutako zazpi preso politikoen kasuak ez dakar berritasunik, interes politikoengatik albisteari emandako oihartzuna ez bada.

Preso politikoen hurbilketari dagokionez, azken urteetako jarduera arrunta izan da arestian aipatutako baldintzak betetzen zituzten presoak Mont-de-Marsanera hurbiltzea. Azken bi urteetan kartzela horretan egon diren hiru euskal presoak eta beranduago hara eramandako laugarren bat libre geratu ostean, Zigor Garro eta Julen Mendizabal dira hurbildu dituzten azken presoak. Garrori bi urte eta erdi falta zaizkio zigorra betetzeko eta Mendizabali hilabetea baino zerbait gehiago.

Bestalde, inork gutxik hitz egiten du Frantziak hamarnaka euskal preso politikori eta preso politiko ohiri jihadismoaren aitzakiapean ezarritako FIJAIT fitxategiari buruz. Fitxategi honi esker Frantziak kartzelatik atera eta hurrengo 20 urteetan kontrolatu ahal izango ditu fitxategian sartutako militante politikoak, ezarritako kontrolak bete ezean beste bi urtez kartzelatzeko mehatxua ere ezartzen dielarik. Neurri honek preso politikoei kartzelatik irten eta geroko 20 urteko baldintzapeko askatasuna dakarkie.

Ordezkaritza instituzionala egiten duten euskal alderdi ezberdinak (EH Bildu, PNV) etengabe ari dira preso politikoen auzian kea saltzen. Garaipenetik garaipenera dabiltzala sinestarazi nahi digute haien ildo politikoa elikatzeko eta presoen espetxe barruko jarrerak baldintzatzeko, baita Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka apaltzeko ere. Estatuek ezartzen dituzten neurri guztiak onartzera bultzatu nahi dituzte errepresaliatuak kartzela barruko erabakitzeko ustezko askatasunari dei eginez. Kartzelan baina, askatasuna da faltan dagoen elementurik garrantzitsuena eta norbanakoak hartutako erabaki bakoitzak gainontzeko guztiei eragiten die. Batzuek onartzen dituzten neurriak guztiontzako ezinbesteko baldintza bihurtuko dira, onartzen ez dituztenen kateak are eta astunagoak bihurtuz.

Azaldutakoagatik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak politikakeria alde batera uzteko deia egin nahi du. Espetxe sakabanaketa preso politikoen bitartez euskal nazio askapenerako borroka baldintzatzeko helburuaz jarri zuten martxan Frantziako eta Espainiako Estatuek, eta juxtu horretarako jarraitzen du erabiltzen. Guk amnistiaren aldeko borrokan jarraituko dugu, errepresaliatu politikorik gabeko Euskal Herri askea erdiesteko modu bakarra dela konbentzituta gaudelako.

Euskal Herria, 2018ko otsailaren 28a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.