Estrasburgoko epaiaren aurrean

Ar, 2018/10/23 - 17:32 argitaratua

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Frantzian betetako zigorren metatzearen harira gaur kaleratutako epaiaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna eta babesa adierazi nahi die erabaki honek eragiten dien preso zein hurkoei, eta honako balorazio politikoa egin nahi du:

Euskal Herria zanpatzen duten Estatuei gure herria okupatzeko zilegitasunik onartzen ez diegun neurri berean, ez diegu ere inolako zilegitasunik onartzen, hain zuzen, zanpaketa horren aurka altxatu zirenen kontra zigorrak ezartzeari, ez baitiegu onartzen gerraren parte eta aldi berean epaile izateko eskubidea.

Espainiako eta Frantziako Estatuek etsaiaren zuzenbide penala aplikatzen diete euskal militante politikoei. Horren adierazle ezberdinak ikusi ahal izan ditugu azken urteetan zehar, besteak beste Lapurdiko militanteei Frantziak baldintzapeko askatasuna ukatzeko asmatutako argudioak, Espainiak aplikatutako Alderdien Legea, Parot Doktrina, preso eriak ez askatzeko legediz mozorrotutako erabaki politikoak, Espainiak ezarritako 40 urtera arteko zigorrak, Parisko Epaitegiaren bizi osorako zigorrak...

Salatu beharra dugu Espainiako eta Frantziako Estatuek, gure herriaren eta bere militanterik zintzoenen aurka gerra zigor hauek aplikatzeko orduan, gaizki deitutako “Nazioarteko Komunitatearen” babesa izan dutela beti, bai alderdi juridikoan zein instituzionalean, eta Estrasburgoko Auzitegia ere horren parte dela.

Europar Batasuna herrien eta langileentzako kaiola erraldoi bat besterik ez da, parte diren estatu kapitalistek lurra ustiatzea eta produkzio bitartekoak kontrolatzea bermatzea duela bere zeregin nagusia. Eta Estrasburgoko Auzitegia esplotazio horri guztiari justiziazko itxura emateko ezinbesteko elementua besterik ez da.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azpimarratu behar du militante politikoen eskubideak esparru guztietan, baita juridikoan ere, defendatzearen aldekoa den arren, soilik herri borrokak lortuko duela errepresioa, bere alderdi guztietan, geldiaraztea. Ezin dugu gure patua instituzio ustelen esku, Estrasburgoko Auzitegia kasu. Horregatik, beste behin ere amnistia osoaren aldeko borrokari ekiteko deia egiten dugu.

Euskal Herria, 2018ko urriaren 23a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.