Espainiako Audientzia Nazionalak Saioa Sanchez, Beatriz Exeberria eta Iñigo Zapirain zigortu ditu berriz


Dagoeneko betetzen ari diren zigorrei beste 15 urte gehitu dizkie Al, 2018/06/25 - 23:39 argitaratua

Espainiako Audientzia Nazionalak 15 urteko espetxe zigorra ezarri die Saioa Sanchez, Beatriz Etxeberria eta Iñigo Zapirain euskal preso politikoei. Gaur kaleratutako epaian, aipatutako zigorra ezartzeaz gain, epaileek torturaren praktikaren zigorgabetasuna eta zuriketa bermatzeko urrats berri bat eman dute.

Ekainaren 6an ospatu zuten epaiketa, eta bertan agerian gelditu zen torturak, militante politikoei era sistematikoan aplikatu dietena, euren onetik kanpo zeuden hainbat funtzionariok haien kabuz egindako zerbait izatetik urrun, sistema oso baten konplizitatea behar duela.

Epaiak ontzat ematen ditu Beatriz eta Iñigo atxilotu zituzten operatiboaren arduradun ziren guardia zibilen testigantzak, hau da, torturatzaileen arduradunena, eta baita ofiziozko abokatuena. Hauek ez ziren gai izan azaltzeko zergatik ez zioten Iñigori aholkatu bere buruaren eta hirugarren pertsonen aurkako deklaraziorik egin ez zezan.

Epaiak ontzat ematen du, era berean, Audientzia Nazionaleko auzi-medikuaren testigantza, defentsaren abokatuaren galderei erantzunez, Beatrizek bortxatu egin zutela kontatu zionean neurri berezirik hartu ez izana onartu baldin bazuen ere.

Epaiak ez du aintzat hartzen, ordea, psikologoek Iñigo Zapirainekin aurrera eramandako Istanbulgo Protokoloaren emaitza. Honek argiki azaltzen zuen Zapirainek torturen inguruan egindako kontakizuna erabat sinesgarria zela eta ez zuela zalantzarako tarterik uzten. Epaileek, baina, nazioarte mailan onartutako protokolo honen balioa zalantzan jarri dute.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak beste behin ere salatu nahi du epaiketa hasi aurretik esan zuen gauza berbera: “Makinaria horren parte dira poliziak, baina baita epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak, polizien aurrean kokiltzen diren ofiziozko abokatuak, bitarteko hauek guztiak bermatzen dituzten politikariak eta, nola ez, torturaren aldeko iritzia sortzeko ezinbestekoak diren enpresari handien komunikabideak ere."

(https://www.amnistiaaskatasuna.com/eu/artikulua/epaiketa-berria-audientzia-nazional-espainolean).

Gure mugimenduak azpimarratu nahi du Saioa, Iñigo eta Bea, honetaz gain, beste zigor batzuk ari direla betetzen Espainiako eta Frantziako inperialismoa eta faxismoari aurre egiteagatik. Altsasukoa, Kataluniakoa, tuiteroena, artistena eta horrelako auziek jendearen sumina modu nabarmenenean azaleratu duten arren, hiru militante hauek, kartzelan dauden gainontzeko preso politikoek bezala, auzi horien arduradun zuzenen aurka borroka egiteagatik daudela benetako bizi-osorako zigor bat betetzen.

Horregatik Euskal Herriari amnistiaren aldeko borrokan buru-belarri murgiltzeko deia egin nahi diogu, zapalkuntza nazionala eta soziala pairatzen dugun bitartean errepresaliatu politikoak egoten jarraituko dutelako, eta errepresaliatu politiko bakarra gelditzen den bitartean ez delako bakerik egongo. Gudariak direlako amnistia!

Euskal Herria, 2018ko ekainaren 25a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.