EPPK-ren erabakiaren inguruan


Mugimenduak erabaki honen inguruan egiten duen irakurketa finkatu zuen iraileko Batzar Nazionalean Az, 2017/10/04 - 02:08 argitaratua

Sarrera.

Presoen inguruko urratsei dagokienez presoek eurek eman behar dituzten erabakien jabe izan behar dutela onartuta, EPPK-ren Zuzendaritzak uztailean argitaratutako txostenaren inguruan Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak egiten duen irakurketa politikoa da honakoa.

Irakurketa hau egitea beharrezkoa ikusten dugu, batetik, EPPK hausnarketa publikoak egiten dituen eragile politikoa den heinean eta gurea errepresaliatu politikoen gaia lantzeko sortutako mugimendua denez, hartutako erabakiaren aurrean gure jarrera politikoa ezagutzera emateko. Bestetik, eta EPPK-ren txostenak dioen bezala, presoak borrokaren erreferente nagusietakoa izanik eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren sorrerak aipatutako borroka horretan dituenez sustraiak, zuzenean eragiten digulako.

Honekin batera, gure analisien arabera amnistia lortzeko eman beharreko pasuak laburbiltzen dituen estrategiarako bide orria atxikitzen dugu (aurtengo maiatzean burutu genuen Batzar Nazionalean onartutakoa, irakurtzeko sakatu hemen).

Datozen lerroen xedea egoera politiko baten inguruko hausnarketa egitea denez, berari egiten zaizkion kritikak ere, aldekoak zein kontrakoak, ikuspuntu politiko batetik egindakoak izatea espero dugu.

Kokapena.

Euskal preso politikoak gure herriak Espainiako eta Frantziako Estatuekin mantentzen duen gatazkaren ondoriozko errepresioaren emaitza mingarrienetakoa dira, iheslari, deportatu eta borroka egiten bizitza galdu duten edo lapurtu dieten militanteekin batera. Errepresioaren emaitza baldin badira, zalantzarik gabe baiezta dezakegu borrokaren ondorio ere badirela, Estatuen errepresioa hauek topatzen duten erresistentziarekiko proportzionala baita, eta hala izaten da alde bietako batek, konfrontazioak eragiten dizkion kostuen ondorioz, hainbat jarreretan ala guztietan amore ematen duen arte.

Logika horri jarraiki, Euskal Herriaren askapen borrokan murgilduta egon diren militanteek beti ulertu izan dute kartzelak husteko bi modu daudela: bata, zapaltzaileen aurreko erresistentzia-borroka apaltzea minimo demokratikoak lortzeari uko eginez; bestea, erresistentzia-borrokak etsaiari eragindako kalteei esker lortutako minimo demokratikoak eskuratuz, hots, gatazkaren oinarrian dauden arrazoiak konponduz, nahiz eta horretarako lehenago kartzelak borrokalariz bete.

Erresistentziari buruz hitz egiten dugularik, azpimarratzekoa da azken sei urteetan kontzeptu hori Euskal Herrian pairatzen ari den laidoztatze kanpaina, “erresistentziaren fasetik eraikitze fasera” pasatu behar dugunaren gisako esaldien bitartez. Ez da soilik erresistentzia eta jarrera eraikitzaileak ez daudela kontrajarrita, baizik eta erresistentziarik gabe ez dagoela ezer eraikitzerik. Kontzeptu fisikoa eta politikoa da eta bizitzaren esparru guztietan dago erresistentzia, hainbesteraino grabitatearen indarrari erresistentziarik jarri gabe gu geu ere ezingo ginatekeela lurretik altxatu. Erresistentzia zapaltzailearen aurrean altxatzen garen une berean hasten da.

Kartzeletako erresistentzia frontera igaroz, nabarmentzekoa da honi esker eta borrokaren bitartez ugari izan direla errepresioari irabazitako espazioak. Kartzeletako bizi baldintzak hobetzea ez zen izan Estatuek oparitutako ezer, baizik eta izerdiz eta odolez eskuratutako eskubideak, baita borrokan jarraitzearen ondorioz sortutako preso berriei utzitako ondarea ere.

Bestetik, egia da EPPK-ren dinamika beti bat etorri izan dela independentzia eta sozialismoaren alde aritzen ziren antolakundeen estrategiarekin eta, bere jarrera, kalean aurrera eramandako borrokarentzat bultzagarria izan dela. Egia da ere militante hauek preso izan aurretik egindako borroka eta kartzeletatik babesten eta bultzatzen zena, orain ez bezala, bat zetozela orduan.

Ondorioen txostenean, EPPK-k hala dio: “Kolektiboa askapen prozesuan ari diren eragile eta taldeen zerbitzura egongo da” eta “Preso politikook askapen prozesuaren aldi berrian Euskal Herriko eragileek bultzatutako ekimenen babesle, laguntzaile eta lankide izango gara”. Alta, historiako lehenengo aldia izango da EPPK-k bultzatzen duen estrategia, Sorturena alegia, militante hauek kartzelara eraman zituen borrokarekin guztiz bateraezina dela.

Aipatutako estrategiari babesa emateak badakar, ondorioz, EH Bilduren “Bakerako Euskal Bidea”-ren haritik etorri diren ekimen guztiei babesa ematea, besteak beste ETAk hildako pertsonei lore eskaintza egitea eta ekimenetan Indar Armatuen ordezkariekin batera parte hartzeari (milaka militante zintzo torturatu dituztenekin, edota Altsasuko gazteak espetxera bidali zituzten berberekin), eroritako gudarien oroigarriak kentzen dituen Oreretako alkateak gure etsaiei eskainitako omenaldiari, Espainiako Kongresuan Bartzelonako eraso yihadista eta gero “Estatuko Segurtasun Indarrei” babesa emateari edota ETA erakundea eta, ondorioz, kartzelan dituen militante guztiak terroristatzat hartzen dituzten deklarazio instituzionalei babesa ematea ere bai.

Aipatu ditugun adibide hauek ez dira gerta litezkeen gauzak, dagoeneko gertatzen ari direnak baizik. Horregatik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ezin du adostasunik erakutsi ezta sikiera ulertu ere EPPK-k ildo horri bere babes politikoa ematea, are gutxiago bere kideen artean horretarako kohesio minimoa ez daukanean, publiko egin dituzten eztabaidaren emaitzek argi erakusten duten moduan.

EPPK-ren ondorio txostenaren aurrean alderdi instituzional guztiek egindako deklarazioek, bakoitzak bere ñabardurekin, erakusten digute EPPK-k hartutako bidea Estatuek urte luzez ezarri nahi izan diotena dela. Guztiek positiboki baloratu egin dute EPPK-k iragarritako ibilbide orria, izan ere horrek presoen despolitizazioa eta “birgizarteratze” politiken zilegitzea baitakar.

Egoera honetan, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak preso bakoitzari elkartasuna adierazi ahal izango dio errepresioaren aurrean, guztiok topatzen baitugu etsai amankomuna zapaltzen gaituztenengan, baina eragile moduan, EPPK-k ez du gure babes politikoa izango.

Aurrekariak.

EPPK-k hartutako erabakia ez dator bat-batean ezta kartzelan daudenek egindako hausnarketa hutsetik ere. 2004. urtean EPPK-ren kontrola Batasunaren esku gelditu zen eta, 2009an Ezker Abertzalearen sektore erreformistak “estatu-kolpea” eman zuenetik, bultzatu duen jarrera izan da, urte horretan egindako Altsasuko Adierazpenetik hasita, zeinean Mitchell Senatariaren printzipioak onartu zituzten Ezker Abertzale osoaren izenean baina Ezker Abertzalearen adostasunik gabe. Horretarako, Sortuk bere botere mediatiko, instituzional eta ekonomiko osoa erabili du, adostasunik gabeko urratsak emanez eta “egintza burutuen” politika aurrera eramanez: “lehenengo nik erabaki, eta jarraian hartzeko utzi diegun bide bakarra gainontzekoekin «adostu»”.

Hala, 2012an EPPK aterabide indibidualak ez zituela onartuko zioen txostena argitaratzear zegoenean, Sortuko bozeramaileak komunikabideetan hasi ziren esaten poztekoa litzatekeela EPPK-k aterabide indibidualak onartzea, modu horretan presoenganako presio kanpaina hasiz. 2013ko abenduan etorri ziren aterabide indibidualak jorratuko zituela zioen EPPK-ren deklarazioa eta aterabide hauek bultzatzen zituen Foro Sozialaren sorrera, eta 2015ean EH Bilduk Bakerako Euskal Bidea publikatu zuen, txostenak presoei honakoa proposatzen zielarik: “Etxeratze prozesua lege baliabideak erabiliz eta bakarkako aplikazioarekin egitea bultzatuko da, horretarako ‘baldintzapeko askatasun aurreraturako’ kaleratze programa bat abian jarriz. Programa horrek bere baitan jasoko luke euskal presoek Euskal Herrian irekitako agertoki politiko berriarekiko konpromisoa erakustea eta indarkeriazko bideei uko egitea, eta beren jardueraren ondorioz eragindako mina aitortzea.”

2016ko urtarrilean Rufi Etxeberriak eta Josu Beaumontek, Sorturen izenean egindako agerraldi publikoan, presoei “hausnartu” zezaten eskatu zieten eta mantentzen zuten jarrera “beste garai batekoa” zela esan zieten, “birgizarteratze prozesua bide legaletatik eta banakako aplikazioaren bitartez” egitea onar zezaten eskatzen zietelarik.

Honekin batera Amnistiaren Norabidean eta geroago Kalera Kalera dinamikak jarri zituzten martxan Sorturen baitan antolatuta dauden preso politiko ohiek. “Gora EPPK” eta “Maite zaituztegu” leloen atzean benetan egon dena presoen erabakiak baldintzatzeko estrategia bat izan da. Horretarako manifestazioak eta espetxeetara martxak antolatu dituzte EPPK-ren bozketa prozesuak iraun duen bitartean, presoei adierazteko zein zen eskatzen zieten jarrera: aurreko urteetan egindako presioei segida emanez, presoei hartzen zituzten erabakiak babestuko zituztela adierazi zieten… baldin eta erabakiak Sortuk markatutako bidetik baldin bazihoazen, noski. Ekimen hauetako bakoitzean irakurritako diskurtsoan, dinamika hauen bultzatzaileek argi adierazi dute zein zen EPPK-k hartu beharreko bidea.

Gai honekin bukatzeko, beharrezkoa da gogora ekartzea preso politikoei ez dietela estrategiari buruz eztabaidatzeko eta are gutxiago erabakitzeko inolako esparrurik eskaini, eta dena Abian prozesuan (aldi berean aldez aurretik adostasunik gabe hartutako erabakiak zalantzan jartzeko baliogarria ez zena) erabakitako parametroen barnean kokatu behar zela. Gure mugimenduaren iritziz, ez da presoen izaera politikoa errespetatu eta tableroan mugitu beharreko piezak bailiran tratatu dituzte.

Gradu aurrerapenen aurrean euskal preso politikoen jarrera historikoa.

Historikoki, euskal preso politikoek graduan aurrera egiteko eskaerarik ez gauzatzeko jarrera mantendu dute, ulertzen baitzuten, alde batetik, kartzelak ez zeukala haien portaera baloratzeko inolako zilegitasunik eta, bestetik, ulertzen zutelako kartzelak markatzen zuen jokoan sartzeak preso politikoen arteko batasunaren eta elkartasunaren haustura zekarrela.

Estatuek bahituta mantentzen dituzten militante politikoek beti ulertu dute kartzelan egonda Euskal Herriaren askapen borrokari egin ziezaioketen ekarpenik handiena zela errepresioa haien borondatea makurrarazteko ezta gure herriaren borroka baldintzatzeko ere nahikoa ez dela erakustea.

Erresistentzia jarrera hau izan da, hain zuzen ere, hamarkadetan zehar eta Estatuen etengabeko mehatxuen gainetik, belaunaldi berriak borrokara batzen jarraitzeko bultzagarririk handiena.

Alabaina, eta egoera puntualen aurrean, gaixotasun larriak pairatzen dituztenen kasu, lehentasuna beti izan da militante hauek etxera eta bizirik bueltatzea, beraientzat gainontzekoekiko aterabide ezberdina bilatzea onartu delarik. Kasu mota hauen aurrean kideek erakutsitako malgutasuna eta ulerkortasuna eskuzabaltasun iraultzaileren isla izan dira.

Espetxe legediaren onarpenaren ondorioak.

Espetxe legedia onartzeaz mintzo garenean ez gara ari espetxe araudiak presoei onartzen dizkien eskubideen erabilera egiteari buruz. Eskubide hauek lortu badira, kasu guztietan izan da kartzeletan burututako hamarkadetako borrokari esker, eta honek posible egin du gaur egun kartzela sufritu behar dutenek beraien aurretikoek baino baldintza hobeagoetan igaro ahal izatea.

Espetxe legedia onartzeaz mintzo garenean ez gara ari, beraz, eskubideei heltzeaz, zenbait onura eskuratzeko inposatzen dituzten obligazioak betetzeari buruz baizik. Hementxe da txantajea hasten denean, zeinaren arabera kartzelak zerbait eskaintzen dion presoari presoak kartzelari zerbait ematearen truke, euskal preso politikoen kasuan euren militantzia politikoaz arnegatzearekin eta preso mantentzen dituen sistemaren onarpenarekin trukea egitea bilatzen duelarik.

Bestalde, batzuek onura hauei heltzea beste batzuek kartzelarekiko konfrontazio jarrera mantentzen duten bitartean, lehenengoek Estatuek bigarrenen kontra mantentzen duten errepresioa indartzea ekarriko luke.

Euskal preso politikoek pairatzen dutena bezalako logika errepresibo gordinean, batzuen aterabide indibidualek “birgizarteratzearen bidea” ontzat ematea suposatzen du, neurri errepresibo hauen arrakasta eta, ondorioz, txantaje hori ez onartzearen aldeko hautua egiten duten militante politikoen egoeraren larriagotzea ekarriz..

EPPK-tik kanpo dauden euskal preso politikoak.

Lau dira EPPK-tik kanpo eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren babespean dauden euskal preso politikoak. Lau preso hauek ez dute zerikusirik Langraitz Bidea deiturikoa hartu zutenekin eta, ez hori bakarrik, baizik eta Langraitzekoek hartutako kontrako aldean dagoen atetik irten direla Kolektibotik, etsaiaren aurrean buruak tinko eramanda eta euren militantziaz arro.

Lau preso hauek gure mugimenduaren elkartasunaz gain, bere babes humano eta politiko osoa daukate. Zentzu horretan eta jarrera orokorra izan ez den arren, ez dugu onartuko inork preso hauen izaera politikoa zalantzan jartzea EPPK-tik kanpo egotegatik, kasu batzuetan egin izan den bezala. Puntu honetan positiboki baloratu behar dugu EPPK-ren dokumentuak preso horiei izaera politikoa ukatzeko nor ez dela onartu izana.

Preso hauek gure artean izan behar duten presentziari dagokionez, mugimendu honen zeregina da haien aurpegiak iraunkorki kalean daudela bermatzea. Beste batzuek haien argazkiak desagerrarazi egin dituzte, kasu batzuetan modu ulergarrian, haiekin desberdintasun ideologiko argiak mantentzen dituzten egoitza politikoetatik kendu egin dituztelako. Bestetan modu tamalgarrian (ustez jarrera zabalagoa duten senideen erakundeak, jaietako konpartsak eta abar), kasu honetan lau preso hauen jarrera politikoa zigortzea bilatu dela ulertzen dugulako, kasu batzuetan gainontzeko presoekiko eskatzen den giza ulerkortasuna beste lau hauei ukatuz. Horregatik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak desoreka argia egingo du lau preso hauen defentsan eta haien estatus politikoaren aldarrikapenean.

Ezin aipatu gabe utzi EPPK-ko kide izanda ere publikoki gure mugimenduari babesa erakutsi dioten beste bost preso politikoak. Presio mediatikoari aurre eginez egin dute gure alde, eta horrek eragin du, kasuren batean, barne presioari ere aurre egin behar izatea. Preso hauen aurkako inolako eraso eta presiorik ez dugu onartuko. Gure mugimenduak zinez eskertzen die eman diguten babesa.

Preso politikoaren kontzeptua.

Azken puntu bezala, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak preso politikoaren kontzeptua ulertzeko duen eraren definizioa egin nahi du.

Bere militantzia politikoaren ondorioz espetxean egoteaz gain, bere estatusari uko egiten ez dion eta bere espetxe ibilbidearekin gainontzeko kideak kaltetzen ez dituen pertsona oro da preso politikoa.

Euskal Herria, 2017ko irailean.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.