Barakaldon agertu diren pintada faxisten aurrean


Barakaldoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak faxismoari aurre egiteko deia egin du La, 2017/10/07 - 19:22 argitaratua

AZKEN EGUN HAUETAN BARAKALDON ZEHAR AGERTU DIREN PINTADA NAZIONAL -FAXISTEN AURREAN, BARAKALDOKO AMNISTIAREN ALDEKO ETA ERREPRESIOAREN AURKAKO MUGIMENDUAK ZERA ADIERAZI NAHI DU:

Ez dakigu eraso hauen egileak Lasesarreko makro-kuartelean gorderik dauden Bartzelonako Piolin komandoko kideak izan diren ala Kataluniako herriak legitimoki independentziarantz hartu duen bideak ezinean utzi dituen selekzio espainoleko pare bat jarraitzaile sutsu. Ziur dakiguna da, bai batzuek eta bai besteek, eta Sozialdemokraziatik eta eskumako “euskal” eta alderdi espainoletarainoko abaniko zabal horretan sartzen diren guztiek, erregimen kapitalista espainolaren sostengatze funtzioa egiten dutela.

barakaldo

Oligarkia espainolak inposatutako erregimen bat, eliza nazional- katolizistaren babes eta alienatze lanarekin, 36ko estatu kolpe militar faxistaren bidez, non 78an, dena ondo lotuta uzteko  mendebaldeko demokrazia burges itxura hartu zuen, frankismoko injustizia guztiak legalizatuz eta mantenduz. Hori da defenditzen duten demokrazia. Bere zimenduak langileriaren esplotazioaren gain eta Espainiako erreinuak zapalduta dauzkan nazioen autodeterminazioaren ukazioan dauzkan demokrazia. Azkeneko hamarkadak ENAM-eko militanteak jarraitzera, torturatzera, bortxatzera, kartzelaratzera, dispertsatzera eta hiltzera dedikatu den demokrazia, Espainiaren batasun sakrosantoaren eta klase herrikoiak itotzen dituen kapitalismoaren kontra egiten duen proiektu bat aurrera eraman nahi izateagatik. Demokrazia hau da alderdi politikoak ilegalizatu, egunkariak eta irratiak itxi eta estatu europarrekin alderatuta EAE-n bikoizten edo hirukoizten den polizia ratioa, zipaio eta kanpotarra barne, mantentzen duena. Bai, Katalunia okupatzera eta erreprimitzera doazen Guardia Zibila eta Polizia Nazionala “A por ellos, oe!” oihuekin agurtzen duen demokrazia bera. Egunean zehar uniforme, porra eta gomazko balekin, eta gauez kaleko arropaz eta porra hedagarriekin erasotzen duena.

Aurkeztu diren datu objektiboen ondoren, ez diogu inongo zilegitasunik ematen espainiar legediari, eta legitimo zaigu Kataluniako referendum antikonstituzionala eta ondorengo independentzia deklarazioa. Haien borroka gurea da. Euskal Herriko ehunka euskal seme-alaba kartzelara, deserrira edota heriotzara eraman dituen borroka, haiena ere bada. Ezin ditugu ahaztu estatuaren eskuetan, sarraski zentroetan jarraitzen dutenak, eta etorriko direnak, gehienbat Kataluniari begira bagaude. Gaur egun Amnistiaren aldarrikapena inoiz baino presenteago izan behar dugu, hau bai dugu preso politiko guztien askapenerako tresna eta baita kartzelak berriz ez betetzeko bermea, herri bezala gureak diren eskubide nazional eta sozialak geureganatzean lortuko duguna.

Amaitzeko, Barakaldoko herriari begiak ondo irekita mantentzeko eskatzen diogu datozen egun hauetan, urriaren 12a (Inperialismo espainolaren eguna) gertu dugunez, faxista hauek berriro ekintzaren bat egin dezaketelako. Perikoren memoriari, euskal preso politikoen borrokari eta gure herriaren autodeterminazioari egindako eraso hauek ezin dira zigorgabe geratu. Ezin gara besoak gurutzaturik geratu instituzioek zerbait egingo duten zain. Hauek baitira antolatzen eta ekiten uzten dietenak. Faxismoaren kontra kalean borrokatzen da. Pasa gaitezen hitzetatik ekintzetara.

AMNISTIAREN BIDEAN FAXISMORIK EZ! ALDE HEMENDIK!