Azken asteko errepresioaren inguruko irakurketa


Ustezko etakideen atxiloketa Alemanian – 12 gazte ANean – Kataluniaren kontrako errepresioa – Raperoen aurkako epaiketa – Erreharriaren espetxeratzea eta Berrirohemenen zigorraren berrespena Ig, 2017/11/05 - 13:35 argitaratua

Ustezko etakideen atxiloketa Alemanian

            Urriaren 27an Alemaniako Poliziak Iñigo Gulina eta Mikel Barrios nafarrak atxilotu zituen. Iñigo Gulina lehenago ere preso egondakoa da eta Mikel Barriosek 2008an sarekada polizial bati ihes egin zion.

            Atxiloketa hauek argiki erakusten dute zein den “Nazioarteko Komunitatea” deritzan horrek mantentzen duen jarrera Euskal Herriak Frantzia eta Espainiako Estatuekin bizi duen gatazkaren aurrean, aipatutako bi Estatu horien errepresioarekin bat egitekoa, alegia.

            Ez dezagun ahaztu Europar Batasuna elkarte kapitalista dela eta bera osatzen duten Estatu guztiek interes ekonomiko eta, ondorioz, politiko amankomunak dituztela. Euskal Herriaren independentziaren aldeko borroka eta iraultza sozialistaren aldekoa bat eta bakarra izan beharko dute nahita nahiez.

            Hori dela eta, soilik amnistia politikoaren gauzapen osoak, herri honen askatasun demokratiko minimoen lorpen gisa ulertuta, bermatuko du gure herriaren alde borroka egiteagatik beste inor ez atxilotzea. Lorpen horren ezean militante politiko hauen aurkako jazarpena bizi osorakoa izango da.

12 gazte Audientzia Nazional espainolaren aurrean

            Urriaren 30ean 12 gaztek salbuespen epaitegiaren aurrean deklaratu behar izan zuten martxoaren 11n Iruñean jazotako istiluetan parte hartzea leporatuta. Guztira 21 dira “ikertutako” gazteak, horietako hiruk kartzelan daudelarik ordutik (garaian honako irakurketa egin genuen poliziak eragindako istiluen inguruan: http://amnistiaaskatasuna.blogspot.com.es/2017/03/poliziak-irunean-sortutako-istiluen.html).

            Nola ez, gure elkartasuna eta babesa 21 gazte hauei, eta gurea bai zintzoa eta baldintzarik gabekoa. Baldintzarik gabeko elkartasuna adierazten dio beti gure mugimenduak errepresioa pairatzen duenari, defendatzen dituzten dinamikekin ados ez gaudenean ere. Hau esan beharra dugu, ez leporatzen dieten dinamikatik aldentzen garelako (gu dinamika horren parte izan garelako, inolaz ere haren dinamizatzailea kriminalizatu nahi gaituztenek etengabe adierazten duten bezala), baizik eta beste batzuek, eta Sortu alderdiari buruz ari gara, errepresio hau gure mugimenduari eraso egiteko erabiltzen ari direlako martxoaren 11tik bertatik.

            Auziperatze hauen aurrean Sortuk bere jarrera adierazteko atera zuen oharrak lau puntu zituen, horietatik luzeena martxoaren 11ko manifestazioari kritika egiten diona. Horrelako dinamikak errepresioari aurre egiteko orduan eraginkorrak ez direla dio eta Kataluniako prozesua jartzen du eredutzat, horrek dagoeneko 10 preso politiko eragin dituela (eta Sorturen jarrera desobedientea izatetik oso urrun dagoela) alde batera utziz.

            Lehenengoz eta behin esan beharra dugu errepresaliatuen militantzia ereduari erasotzeko errepresioa baliatzea jarrera guztiz zitala dela, eta elkartasuna baldintzarik gabekoa izan ezean ez dela elkartasuna izango, oportunismo politikoa baizik.

Gure mugimenduak ez du Sorturen aurka erabili Majarenasen eta Troitiñoren kasuetan epaitegien aurrean sinatutako dokumentuek ez dutela balio izan hauek aske gelditzeko, ezta preso gaixoekiko eskatu den kaleetako zein kartzeletako borroka ezak ez duela preso gaixo bakar bat ere ateratzeko baliogarria izan, baizik eta askapen borroka lokartzeko balio izan duela. Gure mugimenduak ez du erabili @erreharriaren espetxeratzea epaitegietako akordioak beti ez direla baliogarriak erakusteko, eta ez du orain arte esan Oreretako gazteen gurasoek herri biolentziaren aurka egindako adierazpenek ez zutela balio izan haien semeak espetxetik ateratzeko, ezta Altsasukoen despolitizazioak eta “proportzionaltasun” eskaerek ere ez dutela balio izan 60 urterainoko espetxe eskariak ekiditeko.

Errepresaliatu politikoek gure elkartasuna dute gure babes politikoa ez dutenean ere, eta defendatzen jarraituko dugu errepresioa saihesteko modurik desegoki eta kaltegarriena etsaiaren jokoan sartzea dela.

Kataluniaren kontrako errepresioa

            Aste honek Kataluniako Errepublikako Gobernuko 8 kideren espetxeratzea utzi digu Països Catalans-en zati baten independentzia aldarrikatzea leporatuta. Lehen adierazi dugun moduan, errepresioaren aurrean elkartasuna eta preso politiko hauen askatasunaren galdegitea, gainontzeko preso politikoena bezalaxe.

            Espetxeratze hauek modu gordinean utzi dute agerian Espainiaren proiektua indarkerian oinarritzen dela. Indarkeriaren bitartez sortu zuten Espainia eta indarkeriaren bitartez mantentzen dute. Era berean agerian gelditu da askatasuna ez dela arrazoi kontu bat, indar kontu bat baizik, eta pazifismo burgesaren pentsaera hegemonikoa izaten jarraitzen duen bitartean herri zapalduen borondatearen muga zapaltzailearen botetan egongo dela beti. Alternatiba iraultzailerik gabe ez dago urrunago ailegatzerik.

            Bestetik, adierazgarria izan da PDeCat eta ERC bezalako alderdiek amnistiaren aldarrikapena egin izana. Aldarrikapen honi heldu izanak pozten gaitu, eta zalantzarik ez dugu errepresio orokorraren testuinguru honetan gero eta gehiago izango direla amnistiaren aldarrikapenera batuko diren sektoreak. Alabaina, gure mugimenduak azpimarratu beharra dauka preso politikoen existentzia zaharra dela Estatu espainolean. Komunistak, anarkistak edota euskal independentistak, baina ehunka dira Estatu espainolak bahituta mantentzen dituen preso politikoak. Ez dugu onartuko Govern-eko kideak espetxeratu dituen sistemaren aurka gehien arriskatu dutenak terroristak direla esatea biolentzia erabili dutenaren aitzakiapean.

Gure mugimenduak amnistiaren alde azaroaren 18an burutuko duen manifestazio nazionalean parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dio askatasun osoaren aldekoa eta faxismoaren kontrakoa sentitzen den orori.

Raperoen aurkako epaiketa

            Espainiako Audientzia Nazional faxistak 12 rapero epaitu zituen azaroaren 1ean haien abestietan ‘terrorismoaren gorazarrea’ egitea leporatuta. Haietako bakoitzarentzat 2 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak.

            Euskal Herriari hainbatetan elkartasuna adierazi dioten artistak dira oraingoan errepresioa pairatzen ari direnak, kasu honetan komunismoa defendatzeagatik, poliziaren gehiegikeriak salatzeagatik, sozialdemokrazia kritikatzeagatik edota ‘trantsizioa’ delakoaren iruzurraren aurka kantatzeagatik.

Ez dugu ahaztu nahi Estatu espainolaren diktadurapean bizi den langileria osoak, bizi den herrian bizi delarik, pairatzen duela errepresioa. Gure elkartasun osoa Euskal Herritik.

Erreharriaren espetxeratzea eta Berrirohemenen zigorraren berrespena

            Alfredo Remírez (@erreharria) urtebeterako espetxeratu duten egun berean, Andeka Juradok (@berrirohemen) jakin du Audientzia Nazionalak ezarritako urtebete eta sei hilabeteko zigorra berretsi diola Epaitegi Gorenak.

            Alfredoren kasuan, Amurrioko jaietan bi preso politikoren argazkia ordezkatzen zuten panpinak erakusteagatik urtebetez kartzelaratu dute. Elkartasuna delitua da faxistentzat. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bat egiten dut Alfredok presoen alde egin zuen aldarrikapenarekin eta bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio.

            Bestetik, Andeka zigortu egin dute Iosu Uribetxeberria zenari sare sozialetan ‘Agur eta ohore’ esaldia eskaintzeagatik. Iosu espetxean gaizki artatutako gaixotasun larri baten ondorioz hil zen, kartzelak hil zuen. Andekak egindako omenaldi xumea berea egiten du mugimendu honek eta epaiketan erakutsitako jarrera duina azpimarratu nahi dugu (hona hemen epaiketaren kronika: http://amnistiaaskatasuna.blogspot.com.es/2016/12/akusatu-batek-torturaren-inpunitatea.html).

            Alfredo eta Andekaren kasuak errepresaliatu politikoen inguruan ezartzen duten zentsuraren adierazgarri argiak dira. Honen aurrean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak oztopo guztien gainetik errepresaliatuen alde lanean jarraitzeko deia egin nahi du. Ez gaituzte isilduko!

Euskal Herria, 2017ko azaroaren 5a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.