EAEko Gobernuak torturari buruz argitaratutako informearen aurrean

Soumis à la ven, 22/12/2017 - 02:43

Atxilotuaren pertsonalitatea deuseztatzea, autoinkulpazioak lortzea, zigor fisikoa aplikatzea, orbain psikologikoak eragitea, umilazioa, beldurra… Hori lortzen du torturak, hori eta askoz gehiago. Estatu batek tortura erabiltzen duenean ez da atxilotuari sufrimendua eragitea bilatzen duen gauza bakarra. Tortura aplikatzen duen estatu batek disidentzia politikoari mezu argia helarazi nahi dio, beldurtu eta  baldintzatu nahi du, artaldera itzuli ezean borrokan murgiltzen denari zer gertatuko zaion ohartarazi nahi dio: 5 egun jan eta edan gabe eman ditzake, 5 egun lorik egin gabe eta zutik pasa ditzake, telefono-aurkibide batez buruan ordutan zehar kolpatua izan daiteke buruak ia eztanda egin arte, ur izoztuaz bustia izan daiteke, plastikozko poltsa batean burua sartu ahal izango diote konortea galdu arte, elektrodoen sesioa paira dezake, botaka egiten duenean agian mihiaz garbitzen behartuko dute, ariketa fisikoak egin beharko ditu ahituta lurrera erori arte, eraso sexualak sufritzeko arriskuan egongo da. Eta izenak eskatuko dizkiote, eta maite dituenei gauza bera egingo diotenaren mehatxuak jasoko ditu… torturatzaileek nahi dutena sinatu arte.

Estatu espainola eta Euskal Herrian bera sostengatzen duten alderdiek (PSOE, PP eta PNV) torturaren erabilpen erabat politikoa egin dute euskal erresistentzia makurrarazi asmoz, herriaren gehiengoaren begientzat estaliz eta aldi berean Euskal Herriaren alde borrokan zihardutenentzat agerikoa bihurtuz euren militantzia baldintzatu nahian.

Torturaren  bitartez, oraindik ehunka euskal herritar kartzelan mantentzeko baliogarri izan dituzten autoinkulpazioak lortzeaz gain, Estatuak izua zabaldu egin du Euskal Herri osoan zehar sektore borrokalarien desaktibazio politikoa bilatuz, kasu askotan bost eguneko inkomunikazio prozesuek urteetako espetxealdi luzeek baino beldur handiagoa eragin dutelarik. Horretarako makineria fina bezain gordina antolatuta daukate, arduradun politikoetatik hasita tortura zuzenean aplikatzen dutenen arte, tartean epaileak, ofiziozko abokatuak, auzitegiko medikuak eta komunikabideak daudelarik.

Oraingoan, Gobernu Baskongadoak enkargatutako ikerketa batek 4.000 tortura kasu baino gehiagori eman die sinesgarritasuna torturaren aurkako Istanbulgo Protokoloa aplikatu eta gero. Azpimarratu beharra dago ikerketa honetan ez direla Nafarroako kasuak biltzen eta asko direla arrazoi ezberdinak medio parte hartu ez duten pertsonak (hilda egotea, espetxean ala erbestean egotea, proiektu honetan parte hartu nahi ez izatea, tortura egun horiek oroitu nahi ez izatea…). Hori dela eta, tortura kasuak horiek baino askoz gehiago dira, Torturaren Aurkako Taldearen arabera 10.000 baino gehiago.

Ez da kasuala, ordea, ikerketa hau ETAren borroka armatua bukatu arte enkargatu ez izana, informe horretan zipaioen zuritze lan bat egitea kasualitatea ez den moduan. Aipatutako txostenean zuzenak ez diren torturen inguruko zenbait ñabardura gehitzen dira. Esate baterako, Ertzaintzak torturatutakoen pertsonen portzentajea azpimarratzen dute Guardia Zibilaren eta Polizia Espainolaren zenbakiekin konparatzeko, alde batera utzita aztertutako epea 1960tik 2014ra doala, eta indar errepresibo hau 1982an sortu zutela. Edozein kasutan, garrantzitsuena ez da kopuru globala, baizik eta zipaioek tortura erabili egin dutela inkomunikazioa ezarri duten bakoitzean.

“Balza Protokoloa” izenez ezaguna egin zena ere aipatzen du txostenak, polizia honek atxilotuen giza eskubideekiko berme gisaren adierazle moduan. Ez du aipatzen, ordea, tortura zuritzea eta erraztea bilatzen zuen protokolo esanguratsua martxan jarri eta gero, PNVren (baita PSEkoa Patxi Lopez eta Rodolfo Aresen agintaldian zehar) poliziak tortura praktikatzen jarraitu zuela.

Ezin aipatu gabe utzi ErNe sindikatuak informea kritikatu izana, agerian utziz zipaioen arteko korporatibismoa ezinbesteko tresna izan dela torturaren basakeria estaltzeko eta babesteko. Haien zeregina delituak jazartzea dela suposatzen den arren, tortura bezalako delitu higuingarria babestu izan dute, komisariez aparte, herria kalean ere jipoitzen zuten bitartean. Ertzaintza delakoa Euskal Herriaren aurkako beste okupazio indar espainola baino ez da, bere kideak lurralde honetakoak izan arren. Hori dela eta, herriak ezarri dien izena: zipaioak.

Polizia autonomiko espainol honekin bukatzeko, modu batean edo bestean praktika hau erraztu duten gainontzeko eragileei ere zuzendu nahi gatzaizkie, adibidez Eusko Alkartasunari eta Joseba Azkarraga Justizia Sailburu ohiari, beraiek Gobernu Baskongadoko partaide zirenean gauzatu baitzituzten zipaioek tortura kasuen zati handi bat. Orain arte garai horretako torturak babestu dituzte. Bada garaia euren ardura onar dezaten.

Eta zer esan Polizia Espainolari, Guardia Zibilari eta Espainiako Gobernu mota guztiei buruz? Jendea bortxatu, birrindu, akabatu, bahitu eta kare bizian lurperatu dute. Ez dute torturatu dutela onartuko, are gehiago, torturatzen zutela salatzen zutenak ere jazarri egin dituzte jarduera horrek ETAri zilegitasuna ematea zelakoan. Logika horri jarraiki eta euskal herritarrak torturatzen hamarkadak pasatu dituztela frogatuta gelditzen den honetan, eurek ez beste inork eman dio zilegitasuna borroka armatuari.

Gure azken mezua Euskal Herrian ez dela torturatu esaten duen orori zuzendutakoa da. Onartu ezazue behingoz zuen ukazioa torturatzaileei zuzendutako txaloak direla benetan, onartu ezazue tortura ez dela existitu esaten duzuenean tortura beharrezkoa zela esan nahi duzuela. Agian orduan biolentziaren inguruko eztabaida politikoa beste plano batean kokatu ahal izango dugu.

Euskal Herria, 2017ko abenduaren 22a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.