Apirilak 17, preso politikoaren nazioarteko eguna

Soumis à la sam, 17/04/2021 - 08:00

Gaur, apirilak 17, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak datozen gogoetak plazaratu nahi ditu. Ezer baino lehen, mundu osoko preso politikoak agurtzea nahi dugu, zapalkuntza nazional eta/edo sozialetik askatzeko borrokan ari direnak alegia.

Guk, Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, uste dugu Euskal Herriarentzat Independentzia eta Sozialismoaren aldeko borroka zilegi dela. Bi borroka hauek estuki lotuta daudela uste dugu. Hau da, argi eta garbi esaten dugu Euskal Estatu Sozialistaren alde borrokatzen garela eta ez Euskal Herri kapitalista baten alde, batzuek kolore atseginez margotu nahi badute ere.

Preso politikoaren ezaugarriei dagokienez, ohar hau egiten dugu. Preso bat politikotzat hartzen dugu, bere izaera politikoari uko egiten ez dion neurrian eta bere askatasun indibidual edo kolektiboa lortzeko duen izaeraz damutzen ez den heinean; gainerako preso politikoekiko solidarioa den bitartean; bere ekintzek beste kide batzuei kalterik egiten ez dieten bitartean; etsaiaren espetxe-politikaren xantaia onartzen ez dituen heinean.

Gure alternatiba AMNISTIA OSOA da. Era berean, badakigu Euskal Estatu Sozialistaren eremuan baino ez dela berau lortuko. Hori ez da apeta bat, argi baitago hori lortu arte borroka egin beharko dela eta errepresioaren ondorioz beti preso politikoak egongo direla. Ez Frantziak ez Espainiak ezta bi estatuen kapitalak zein Euskal Herrikoak ere, ez digute inoiz ezer oparituko.

Anaiarteko besarkada iraultzailea preso politiko guztientzat

Amnistia Osoa

Independentzia eta Sozialismoaren alde

Amnistiaren Aldeko eta Errrepresioaren Aurkako Mugimendua - 2021-04-17