Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren oinarri ideologikoen laburpena eta zehaztapena

Soumis à la sam, 21/11/2020 - 12:00

Euskal Herria nazio bakarra eta zatitua da, penintsulan lurralde zati bat eta kontinentean beste batean erdibiturik. Beraz, Espainiako eta Frantziako estatuek okupatzen dute Euskal Herria eta baita sistema bietako bertako burgesiek esplotatu ere. Zentzu horretan, gure jarrera Euskal Herri bateratu, euskaldun, independente eta sozialista baten alde dago.

Euskal Herriak bere askapenaren aldeko borroka luzea eraman du, batasunaren, euskalduntzearen eta askapen nazional eta sozialaren helburuekin, amnistia osoa, independentzia eta sozialismoa helburu taktiko gisa hartuta. Gaur horiek berresten ditugu, horiek ez baitira lortu.

Hau da, gure ustez, Euskal Herria klaseen arteko borrokarako esparru autonomoa da. Euskal Herria zapaldutako eta esplotatutako nazioa da eta bere askapen nazional eta sozialaren alde borrokatzeko eskubidea duela ustean gaude. Hori guztia kontuan hartuta ez gara Estatu Sozialista "burbuila" bat izango, baizik eta harremanetan eta elkartasunean egongo gara Munduko indar proletarioekin eta askapen mugimendu sozialistekin.

Gure ustez, euskal iraultza aurrera eraman dezakeen subjektu iraultzaile bakarra euskal langileria bera da. Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako burgesiei eta indar erreformista eta sozialdemokratei ez zaizkie helburu horiek interesatzen, nahikoa baitute irabazi-tasarekin eta ongizatearekin.

Amnistiaren kontzeptua ez dugu ulertzen soilik euskal preso politikoak Euskal Herriratzea eta deportatuak eta iheslariak itzultzea bezala, osotasun bat bezala baizik. Hau da, gainditu egin beharko dira hainbeste militante erail, torturatu, desagertu edo espetxeratzeko arrazoiak. Hau da, klase esplotazio eta zapalkuntza nazionala gainditzea, independentzia eta sozialismoa besterik ez dena.

Askapenerako borroka nazionala eta sozialak zein ustekabeko mugetaraino areagotuko den krisi basatiak errepresio gehiago ekarriko dute, eta kasu askotan preso  gehiago. Aldi berean badaude beren neurriko mundu bat lotsarik gabe nahi eta saltzen dutenak, pobrezia eta errepresioa mugarik gabe iritsiko direla jakinik.

Beren izaera politikoari uko egiten ez dioten militanteak, etsaiaren espetxe-politikaren xantaia-aginduei men egiten ez dietenak, beste preso politiko batzuekin solidarioak direnak eta beste preso politiko batzuei kalte egin diezaieketen ekintzarik egiten ez dutenak politikoki defendatuko ditugula berresten dugu.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua