Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Gudarien Txokoaren aurkako erasoaren aurrean

Soumis à la sam, 01/02/2020 - 15:57

EH Bilduk zuzentzen duen Etxarriko Udalak, Espainiako Audientzia Nazionalari men eginez, Gudarien Txokoa suntsitzeko hartutako erabakiaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

-Herri mugimenduak Gudarien Txokoa sortu zuen 2017an, Etxarriko Danbolintxuloko hariztian. Bertan harrizko oroigarri bat jarri zuen Estatu espainolak eraildako Axio Erdozia, Pello Mariñelarena eta Josu Zabala “Basajaun” gudarien izenekin. Beraien oroimenez egin zuen, baina baita eroritako gainontzeko gudari guztien oroimenez ere.

-Gudarien Txokoaren suntsipena Euskal Herriko memoriaren eta gudarien aurkako erasotzat hartzen dugu, eta baita herri mugimenduaren lana eta jardueraren aurkakoa ere. Herri honetan gertatu dena eta gertatzen denaren kontakizun erreal baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu guk ere. Gudarien memoriari, hots, herri honen borrokari, historian dagokion tokia emateko lanean jarraituko dugu.

-Berriz ere esan beharra dugu ez diogula inolako zilegitasunik onartzen Espainiako Audientzia Nazionalari, alde batetik okupatzaileek gure herria zigortzeko eratutako erakunde faxista delako eta, bestetik, zigortze hori aurrera eraman duenean Gudarien Txokoak oroitzen zituen militanteen hiltzaileak babesteko eta beste hainbaten torturatzaileei inpunitatea emateko ezinbesteko elementua izan delako.

-Azpimarratzekoa da Etxarriko Udalak gudarien aldeko monolitoa kendu izana faxistak ETAk hildako Jesus Ulallar Etxarriko Alkate frankista omentzen ari ziren ordu berean. Honek gudarien aurkako umiliazioa are eta handiagoa egiten du.

-Ez ditugu onartzen EH Bilduk Gudarien Txokoa deuseztatzeko eta monolitoa lapurtzeko jartzen dituen aitzakiak. Epaitegi faxistak egindako mehatxuek ez dute justifikatzen bidegabekeria bat aurrera eramatea. Kasu honek erakusten du neurtutako irudi iraultzaile faltsuaren atzean benetan dagoena sistemaren parte den alderdi instituzional bat dela. “Desobedientzia” hitzaren esanahia aspaldi ahaztu zuten batzuek, eta bere ordez obedientzia iraingarri bat erakusten ari dira.

-Etxarriko Sortuk ume txiki batek idatzitakoa ematen duen agiria atera du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduari aurpegiratzen monolitoaren alde borrokatu ez izana, eta gure ekintzen ardura ez hartzeko ezkutatu izana leporatzen digu. Zentzu horretan gogorarazi nahi dugu 2016ko irailaren 3an, Etxarrin bertan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak erakutsi zuela desobedientziaren alde egiten duen hautua benetakoa dela. Egun horretan preso politiko erien askatasunaren aldeko manifestazioa debekatu zigun Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan Delegazioak, eta Guardia Zibilaren oldarraldi eta ke-poteen artean, manifestazioa berdin-berdin egin genuen. Egun horretan eta Etxarrin ere, gure bi militantek, preso ohiak biak, preso erien askatasunaren aldeko 20. eguna betetzen zuten. Desobedientzia aldarrikatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.

Euskal Herria, 2020ko otsailaren 1a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.