Patxi Ruizek ebakidurak egin ditu besoan protesta gisa


Murtzia II-ko kartzelari baten jarrera erasokorra eta mehatxuak salatzeko egin du Soumis à la mar, 31/12/2019 - 19:06

Agiri honen bitartez Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Patxi Ruiz Txantreako preso politikoak gaur burututako protestaldi gogor baten berri eman nahi du. Gaurkoan Patxik bere burua lesionatu du besoa objektu zorrotz batez ebakiz Murtzia II-ko kartzelan. Eragindako zauriaren ondorioz erizandegira eraman behar izan dute. Hamabi grapa jarri dizkiote zauriak ixteko.

Protesta honek bere jatorria dauka kartzelari batek euskal preso politikoekiko eta preso arabiarrekiko mantentzen duen portaera erasokorrean. Kartzelari honek etengabeko jazarpena gauzatzen du aipatutako presoen aurka, etengabe mehatxuka eta haien bizitzak baldintzatzen. Kartzela-araudia beraren gainetik ere jarduten da, hainbatetan bere ordutegi eta ohitura propioak ezarriz, betetzen ez dituenari mehatxatuz. Hainbat preso arabiar kolpatu egin ditu azkenaldian eta egoera jasangaitz bihurtu du. Kartzelariak jarrera arrazistak eta faxistak mantentzen ditu

Patxik argi utzi nahi du ekintza hau protesta politiko bat dela, kartzelari honen jarrera onartezinari emandako erantzun gisa ulertu beharrekoa. Azpimarratu du ez dituela zainak moztu, ez dela bere buruaz beste egiten saiatu eta bere ekintza ez dagoela depresio batek ezta desesperazioak bultzatuta, baizik eta lehenago esan bezala, borroka egiteko beste modu bat dela.

Gure mugimenduak gogorarazi nahi du ez dela lehenengo aldia euskal preso politikoek besoak moztea bezalako protesta gogorrak egiten dituztela, eta egoera gordin honen aurrean babes osoa helarazi nahi dio Patxi Ruizi. Era berean salatu nahi dugu Murtzia II-ko zuzendaritzak eta, oro har Espainiako Espetxe Erakundeetako arduradunek horrelako kartzelari militante faxisten aurrean mantentzen duten jarrera babeslea eta, kasu askotan, bultzatzailea.

Euskal Herria, 2019ko abenduaren 31.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.