Dani Pastor Errekaldeko preso politikoaren aldeko ekimenak boikoteatzen ari direla salatu dute


Boikota Txoriak konpartsari leporatu diote Soumis à la lun, 24/06/2019 - 13:58

Idatzi honen bidez publikoki salatu nahi ditugu Errekaldeko Txoriak konpartsak auzoko preso politiko bakarraren aldeko ekimenak debekatzeko asmoz egin dituen azken saiakerak.

Denbora luzez egon gara isilik auzoko ezker abertzale ofizialeko partaide batzuengandik jasotako erasoen aurrean. Batetik, badakigulako era honetako komunikatuek eragina dutela presoarengan eta haren familiarengan. Bestetik, uste genuelako egoera lasaituz joango zela apurka, eta gutako bakoitzak bere lekua izango zuela. Baina oker geunden.

Gure sorreratik bertatik jasan ditugu hainbat eraso: kartelak kentzea, presioak mugimenduko kideen eta kontzentrazioetara joan izan diren beste persona batzuen aurka, eta auzoko familien elkartearen pisura sartzeko debekua, nahiz eta haiek ez ziren pisuaren jabeak eta kolektibo guztiek lan egiteko utzita zegoen. Egoera horien guztien aurrean, lan gehiago eginez erantzun dugu beti.

Lan horren fruitu, iaz pausu bat aurrera egin eta jaietako bigarren barikuan, historikoki auzoko preso politikoen aldeko aldarrikapen egunean, hainbat ekimen egitea erabaki genuen.

Txoriak konpartsaren erantzuna irmoa izan zen: “Egun hori ez da presoen aldeko eguna, Txoriak konpartsaren eguna baizik”. Adierazi zuten hainbat ekimen antolatuta zituztela egun osoan (haietako asko inoiz egin ez baziren ere) eta gure ekimenak, egitekotan, jai gunetik kanpo egin behar genituela. Proposamen hori babesteko jai batzordearen sinadura eskatu zuten. Azken horrek ezer sinatzeari uko egin zion, ulertzen zuelako jaien antolaketatik kanpo zegoen gai politikoa zela. Bestalde, mugimenduak ez zituen ekimenak eta deialdiak bertan behera utzi, eta normaltasun osoz igaro ziren.

Uste genuen nekatuta egongo zirela dagoeneko, baina aurten ere, jaietako barikurako gure programazioa aurkeztu dugunean, berriro jasan dugu boikot saiakera Txoriak konpartsaren aldetik. Oraingoan ez dituzte antolaketa arrazoiak argudiatu, eta jai batzordearen sorrerako estatutuetan oinarrituta, zuzenean eskatu dute auzoko amnistiaren aldeko mugimenduaren edozein ekimen debekatzea, berriro ere jai batzordearen babesa eskatuz.

Egoera honen aurrean erabaki dugu testu hau idaztea, gertaerak salatzeko eta Txoriak konpartsari publikoki esateko errepresio indarrek lortu ez dutena ez dutela haiek lortuko, eta Danitxu beste behin ere presente egongo dela bere auzoan.

Horregatik guztiagatik, aurten deialdi berezia egiten dugu Danitxuri elkartasuna adierazteko, argi erakusteko auzoko guztiok ezin dugula jaiez gozatu, eta ozen aldarrikatzeko ez dugula inoiz gure aldarrikapenen debekurik onartuko.

PRESOAK KALERA!!! AMNISTIA OSOA!!!