Espainiako Poliziak bost pertsona atxilotu ditu Nafarroan preso politikoen argazkiak erakusteagatik

Soumis à la jeu, 20/06/2019 - 16:10

Pasa den maiatzaren 13an Guardia Zibilak hiru pertsonarekin egin bezala, gaur ere Korrikan euskal preso politikoen argazkiak eramateagatik bost atxiloketa burutu ditu Espainiako Poliziak Nafarroan. Bi operazioen artean zortzi izan dira orain arte Korrikan euskal preso politikoen argazkiak eramateagatik atxilotutakoak. Honen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Azken hamarkadan Euskal Herria asimilazio prozesu larrian murgilduta dago. Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua desegitearekin batera (eta ondorioz) pasatu gara erresistentzia fase batetik asimilazio fase honetara. Euskal Herria oraindik guztiz asimilatuta ez badago, oraindik politizazio maila minimo bat mantentzen duelako da, eta horretaz jakitun Frantziako eta Espainiako Estatuak despolitizazio hori azkeneraino eramateko saiakeran daude murgilduta.

Saiakera horretan, errepresaliatuen despolitizazioa hil ala bizikoa dute gure etsaiek, horrela borroka bera delako, matxinatzeko dugun eskubidea hain zuzen ere, zilegitasuna galtzen duena. Deportatu, iheslari eta preso politikoak terrorista bihurtuta, gatazka bera desitxuratzea bilatzen dute.

Estatuak errepresaliatu politikoen existentzia ukatzen buru-belarri daude, erakunde politikoen legez kanporatzeen garaian hasitako bidearen azken urratsak eman nahian, izan ere legez kanporatze horien oinarria gatazka beraren ukazioa baitzen, azken hau terrorismo arazoa bihurtuta. Errepresaliatu politikoekin gauza bera egiten ari dira orain, haien izaera politikoa ukatuz, amnistiaren (preso politikorik gabeko Euskal Herria nazionalki eta sozialki askea) aldarria oinarririk gabe uzteko.

Logika horretan kokatzen dira operazio hauek, eta logika horretan erantzutea dagokio Euskal Herriari ere. Amnistiaren afera zuzenki lotuta dago borrokarako eskubidearekin, eta errepresaliatuen izaera politikoa ukatzen duten bakoitzean, gatazka bera desitxuratzen eta borrokaren zilegitasuna ukatzen ari dira. Gatazkaren izaera politikoa defendatzea dagokigu eta, hori errepresaliatu politikoen existentziaren defentsatik eta askatasunaren aldeko haien lan desinteresatu sakonaren goraipatzetik egiten da.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak errepresaliatu politikoen argazkiak erakusten jarraitzeko deia egiten du, eta beste behin ere gogorarazi nahi du gure mobilizazio guztietara hauek eramateko gonbitea luzatuta mantentzen dugula. Iraganeko irakaspenetatik etorkizuneko borroka sustatu nahi dugulako, amnistia osoa!

Euskal Herria, 2019ko ekainaren 20a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.