Txikitok bataila irabazi du


Kartzelak jakinarazi dio eskuburdinik gabe joan ahal izango dela bisitetara Soumis à la sam, 08/06/2019 - 14:01

Iñaki Bilbao “Txikito” Lezamako preso politikoak bataila irabazi dio Puerto III-ko kartzelari. Bisitetara joateko eskuburdinak jarrita atera beharko zuela jakinarazi zion orain egun gutxi kartzelako Segurtasun Zuzendariordeak Txikitori. Txikitok iragarri zuen ez zuela horrelako neurririk onartuko eta handik aurrera bisitei uko egingo ziela.

Alabaina, pasa den ostegunean Segurtasun Zuzendariordea Puerto III-ko isolamendu modulura joan zen Txikitori esatera neurria bertan behera uzten dutela. Tentuz hartu beharreko hitzak dira kartzelariarena, Txikitoren hurrengo bisitan konfirmatu beharrekoak.

Txikitoren duintasun jarrerak kartzelak atzera egin behar izatea eragin du, baina ez dezagun ahaztu ze baldintzetan mantentzen duten Lezamako preso politikoa oraindik ere. Txikitok 35 urte baino gehiago daramatza kartzelan, azken 12ak Puerto III-ko isolamendu moduluan. Argitu behar dugu Puerto III-ko kartzelako isolamendu moduluan 10 galeria daudela, erdia bost ziegetakoa eta beste erdia hamarrekoa, laburrak alde batean eta luzeak bestean. Bakoitzaren patioaren luzera ere ziegen araberakoa da, hamar ala bost ziegen luzerakoa alegia.

Era berean, azpimarratzekoa da kartzela horretako isolamendu modulutik erizaindegira joan behar izatekotan baino ez direla irteten bertako presoak, eta bisitetara joateko ezta hori ere ez, moduluan bertan egiten baitituzte. Galeriatik, ordea, bai irten behar dute

Neurri hori hartzeko orduan segurtasun aitzakiak jarri zituen kartzelak, eta aitzakiak diogu isolamendu galeriak benetako bunkerrak direlako: galeria bakoitzean filmatzeko bi kamera daude, eta galeriatik galeriara joateko pasabideak ere filmatzen dituzte eguneko 24 orduetan zehar.

Inoiz ez dago kontaktu zuzena kartzelarien eta presoen artean, beti dagoelako euren artean ate, hesi, kristal blindatu edo burdin sareren bat (irristailu-atea), bisitetara joaten direnean salbu, hainbat kartzelarik lagunduta baitoaz. Azkenik, bosgarren galerian dagoen preso batek urrutiko kontrol bidezko zortzi ate eta burdin sare igaro behar ditu bisitarako lokutoriora iristeko, eta aurrekoa ez da inoiz irekitzen atzean utzi dutena ixten den arte.

Orain dela bi urte lehenengo graduaren lehenengo fasea aplikatu zioten Iñaki Bilbaori, kartzelan aplikatu daitekeen gogorrena (hilabete batzuk geroago lehenengo graduaren bigarren fasera pasatu zuten berriz), eta gainera hiru hurkorekin komunikatzea debekatu zioten are eta gehiago isolatu nahian.

Bestalde, gogorarazi behar dugu Puerto III-ko kartzela benetako sarraski espetxea izan dela ireki zuten une beretik, eta euskal preso politikoekin esperimentatzeko erabili egin dutela hasieratik. Ezarritako erregimena soberan ezaguna da bere gogortasunagatik, eta bertako kartzelariak bere jarrera militante faxistagatik. 2010eko maiatzean Arkaitz Bellon elorrioarra (gerora Puerto I-ean hilik agertu zena) jipoitu egin zuten, eta iaz Xabi Rey hil zen bertan espetxe politikak eraila, baita bi preso sozial ere.

Kartzela pertsona apurtzea eta preso politikoek bere militantziari uko egitea bilatzen duen instituzio bat dela ezin argiago erakusten duen adibidea da Puerto III-koa, delinkuente eta hiltzailerik handienak kartzelak sustengatzen dituzten horiek direla agerian utziz.

Gaurkoan Txikitoren jarrera eredugarria txalotu eta berarekin batera borrokan jarraitzeko deia egin nahi dugu. Borroka da bide bakarra!

Euskal Herria, 2019ko ekainaren 8a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.