Aitzol Iriondoren lagunen istripuaren aurrean


Iñaki Bilbaoren kasua eta elkartasun selektiboa Soumis à la sam, 01/06/2019 - 19:16

Ohar honen bidez, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi nahi die Aitzol Iriondo preso politiko lasartearrari eta atzo Moulinseko kartzelara bera bisitatzera zihoazen lagunei. Montluçonetik geratu jazo zen istripua, orein batekin talka egitean.

Gure mugimenduak, beti egiten duen bezala elkartasuna agertzeaz gain, sakabanaketaren erabilera politikoa salatu nahi du, neurri hau ez baita soilik mendeku jarrera bat, baizik eta militante politikoen jarrera baldintzatzea bilatzen duela presoen senide eta lagunak arriskutan jarriz.

Erabilera politiko horren froga da ETAren aparatu militarraren azken buruzagiak eta erreferenteak izatea leporatzen dietenei Frantziako Estatua ematen ari zaien tratamendua: hamarnaka preso politiko (bakarra ere ez emakumea) Lannemazan eta Mont-de-Marsaneko kartzeletara gerturatu dituzten bitartean, preso hauek bakartzeari ekin dio, eta haietako bat Aitzol Iriondo da.

Iñaki Bilbaoren egoera eta elkartasun selektiboa

Kartzela-sakabanaketaren beste helburuetako bat presoak bisitarik gabe uztea eta are eta gehiago isolatzea da. Hain zuzen ere horixe da Iñaki Bilbao “Txikito” Lezamako preso politikoaren aurka bultzatutako azken neurriaren bitartez bilatzen dutena. Eskuburdinak jarrita atera nahi dute bisitetara, eta horren ondorioz Iñakik planto egin du eta bisitei uko egingo die neurri hori mantentzen duten bitartean, ez baitu horrelakorik onartuko.

Gaurkoan, ordea, hainbat sektoreren elkartasun selektiboa salatu beharrean gaude. Ostegunean eman genuen Txikitoren egoeraren inguruko informazioa komunikabideei birritan bidalitako ohar baten bidez (https://www.amnistiaaskatasuna.com/eu/artikulua/inaki-bilbaok-uko-egingo-dio-bisitetara-eskubudinekin-lotuta-irteteari), baina herri komunikabide ez diren guztiek albistea isildu eta hainbestetan gainontzekoen elkartasuna eskatzen duten hainbat gizarte mugimenduk beste alde batera begiratu dute.

Ez da beharrezkoa errepresioa sufritzen duenarekin ados egotea bidegabekerien aurrean berari elkartasuna adierazteko baina, elkartasun selektiboa, zitala izateaz gain, errepresorearen jarrera indartzen du. Gero eta argiago gelditzen da horrelakoetan nor tronpatzen den etsaiaz.

Gogora ekarri nahi dugu Txikitok, guztira, 35 urte daramatzala kartzelan, azken 12ak Espainiako Estatuan dagoen isolamendu modulurik gogorrenean. Mundu osoan zehar nekez aurkitzen dira horrelako kasuak. Militante gogorra eta duina da Iñaki, baina horrek ez du esan nahi bizi duen egoeraren arduraduna denik. Ezagutu ditugun beste kasu batzuekin alderatuz gero, iraingarria da bere kasuari egiten zaion zentsura. Agian izango da etsaiaren komunikabideen lan propagandistikoak aipatutako elkartasun selektiboa errazten eta bultzatzen duela.

Bukatzeko eta Txikitori ezartzen dioten isolamendua apurtzen laguntzeko, gutun bidez babesa eman diezaion gonbitea egiten diogu Euskal Herriari:

Iñaki Bilbao Goikoetxea

C.P. Puerto III

Ctra de Jerez-Rota, km 6

11.500 Puerto de Santa Maria (Cádiz)

Euskal Herria, 2019ko ekainaren 1a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.