Faxismoaren aurrean, har ditzagun kaleak

Soumis à la dim, 14/04/2019 - 17:32

Ohar honen bidez, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak atzo Donostian eta Bilbon, eta gaur Oreretan bildu diren antifaxistei babesa helarazi nahi die, baita faxistei zein zipaioei gure mespretxu eta gorrotorik handiena erakutsi ere.

Badakigu betidanik egon direla faxistak Euskal Herrian, baina azken hamarkadetan euren gordelekuetan ezkutaturik ematen zuten denbora gehiena. Orain, ordea, haien presentzia gure artean normal bihurtu nahian ari dira eta horretarako kanpotik etortzen dira. Inperialismoa, arrazismoa, nazional-katolizismoa, matxismoa, homofobia, langileen esplotazioa eta supremazismoa defendatzen dutenek, faxistek, ez daukate lekurik gure artean eta ez dute izango.

Euskal Herriko zati honen espainolizazioa gauzatu nahi dute, gure herria “zibilizatzera” eta “ebanjelizatzera” datoz, gure hizkuntza eta kultura zapaltzera, frankismoa goraipatzera eta gure hildakoen memoria iraintzera. Baina oraindik bizirik dagoen herria garela frogatzen ari gara, faxismoa kaleetan geldiarazten dela frogatzen ari garen modu berean.

Herriak faxismoari aurre egiteko erakusten duen jarrera duinaren aurrean kokatzen da zipaioen morroitza, gehiegikeria eta errepresio nazkagarria, faxismoari alfonbra gorria jarriz eta antifaxistak jipoituz eta atxilotuz. Bost atxiloketa eta hainbat zauritu izan da goraino armatutako txakur hauen jardueraren emaitza. Besarkada beroa antifaxista hauei guztiei.

Aste honetan bertan genion bezala, herri mugimenduak faxismoaren kontra deitutako ekimen oro babesten du gure antolakundeak, eta positiboki baloratzen dugu atzo eta gaur emandako erantzunak. Faxismoari ez zaio zirrikitu bakar bat ere utzi behar, eta bere berpizkundea saihesteko orduan bitarteko guztiak dira zilegi.

Bukatzeko, Euskal Herriari dei egiten diogu erabakigarria den toki bakarrean jo eta su jarraitzeko lanean. Har ditzagun berriro kaleak independentzia, sozialismoa eta amnistia lortu arte.

Euskal Herria, 2019ko apirilaren 14a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.