Polizia Espainolak atzo Iruñean burututako atxiloketen aurrean

Soumis à la ven, 12/04/2019 - 00:41

Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu zituen atzo (2019-04-11) Iruñean, Ciudadanos alderdi faxistak hiriburuan ireki duen egoitzan amnistiaren aldeko pintadak egitea leporatuta. Arratsaldean eraman zituzten epailearen aurrera eta ondoren karguekin aske utzi zituzten. Mehatxu terroristak egitea leporatzen diete hirurei.

Atxiloketa eta egozte berri hauen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Polizia Espainolaren jarduera errepresiboa eta alderdi instituzionalen konplizitatea salatu nahi du. Era berean, Polizia Espainola bezalako okupazio indarren alde egitea galdegin nahi dugu, Espainiak Euskal Herriaren zati hau okupatuta mantentzeko bortxazko egiturak baitira hauek.

Ciudadanos eta gainontzeko alderdi faxistek Euskal Herrian daukaten presentziari dagokionez, zilegitzat hartzen dugu hauen jarduera normalizatua eragoztera zuzendutako ekintza oro, eta are gehiago amnistiarena bezalako aldarrikapen demokratikoak tartean daudenean. Hori dela eta, Ciudadanos alderdiaren egoitzan egindako pintadak ere begi onez ikusten ditugula eta hauek adierazten zuten aldarrikapenarekin bat egiten dugula azpimarratu behar dugu.

Bestetik, argitasunez esan nahi dugu mugimendu antifaxista faxistei aurre egiteko hartzen ari den jarrera txalotu nahi dugula, hitzaldiak ematera datozen sasi-komunista espainolistetatik hasita eta alderdi instituzionaletan bukatuta, futbolaren aitzakiapean gurera datozen ultra-eskuindarretatik pasatuz. Ez batzuk ez besteak ez dira ongi etorriak Euskal Herrian eta haien presentzia zaildu edota saihestera zuzendutako ekimen ororekin bat egiten dugu.

Bukatzeko eta hasierako gaira itzuliz, besarkada handia eta gure elkartasuna helarazi nahi dizkiegu atzo Iruñean Polizia Espainolak atxilotutako hiru pertsonei.

Euskal Herria, 2019ko apirilaren 12a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.