Juan Jose Rego preso politiko ohiaren heriotzaren aurrean

Soumis à la mar, 19/03/2019 - 14:30

Ohar honen bidez, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere tristezia erakutsi nahi du Juan Jose Rego Donostiako preso politiko ohiaren heriotzaren aurrean, eta bere familiari doluminak helarazi nahi dizkio.

Era berean gogorarazi nahi dugu Juan Jose kartzelan gaixotu zela eta lau urtez egon zela borrokan, herriarekin batera, espetxetik atera zezaten tratamendu mediku egokia jaso ahal izateko. 2010ean zigorra etxean betetzea onartu zioten, kontrol neurri zorrotzak aplikatu zizkiotelarik. Azkenik, pasa den asteazkenean zendu zen.

Ezin ahaztu oraindik badirela 21 euskal preso politiko larriki gaixo, eta Estatu espainolak zein frantsesak eskaintzen dieten aterabide bakarra euren militantziari uko egitea dela. “Damutu zaitez ala hil” errezeta erabilita, Estatuek salneurri politikoa jarri diete preso politikoen osasuna eta bizitzei.

Aurten, kartzelan gaixotu eta gero hiltzen den hirugarren euskal militante politikoa da Juan Jose Rego, Juan Mari Mariezkurrena eta Oier Gomez eta gero. Puntu honetan azpimarratu behar dugu amnistia osoa gauzatu ezean preso gehiago gaixotuko dela eta asistentzia ezaren ondorioz gehiago izango direla gaixotasunari buelta eman ahal izango ez diotenak. Dena daukagulako lortzeke, borroka garaia da!

Euskal Herria, 2019ko martxoaren 19a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.