Etxerat elkartearen adierazpenaren aurrean

Soumis à la lun, 04/03/2019 - 01:29

Pasa den ostiralean, martxoak 1, Etxerat elkarteak egindako adierazpen harrigarriaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Preso politikoen senideek zerbait eragiten badigute, hori erabateko errespetua da, presoen militantziarekin ados ez dauden kasuetan ere bai, izan ere borrokaren hautua egin zuen pertsona horren ondoan urte luzez eta baldintzarik gabe jarraitzeak gure txaloa besterik ezin duelako merezi, eta are gehiago okupatzen gaituzten estatuek haien aurka buruturiko eraso krudel eta etengabeak kontutan harturik.

Hain zuzen ere horregatik, preso politikoen senideei zor diegun errespetuagatik, ezin dugu inolaz ere onartu inork ezeren ardura politikoa haien gainean jartzea politikeriaren jokoan etekin alderdikoiak lortzeko helburuz.

Etxeratek senideei ETAk eragindako mina areagotzea leporatuta, ontzat eman du etsaiek senideei urtetan zehar leporatutako gauza berbera, eta bakea eta bizikidetza laguntzetik urrun, zapalkuntza betikotzen jarraitzeko baliagarria izan daitekeen adierazpena argitaratu du. Senideek ETAren jarduerari mesede egiten ziotelakoan, estatuek martxan jarri zituzten presoak haien ingurune naturaletik aldentzeko neurri pilo: sakabanaketa, miaketak, kartzelara bisitan zihoazenen ibilgailuei erasoak, Guardia Zibilaren mehatxuak, komunikazioen kontrola eta abar luze bat.

Era berean, borroka eza bakearen baliokide gisa aurkezteak, gure herriaren eta langileriaren zapalkuntza egoera neutrala dela esatea bezalakoa da. Zentzu horretan kontziente gara ETAren jarduerak gatazkarekin zerikusia ez zuten pertsonak kaltetu izan dituela, baina egiari zor azpimarratu nahi dugu gehienetan errepresioa gauzatzeko sortutako estrukturak kolpatu dituela, Espainiaren eta Frantziaren biolentzia bermatzeko ezinbestekoak zirenak.

Inoren damutze hitzak preso politikoen senideei “enkarguz” pasatzea jokaldi koldarra da. Haien sufrimendua erabiltzea kartzelan daudenen militantzia politikoari bizkarra emateko eta etsaiaren terminologia onartzeko Sorturen dekadentzia politikoaren adierazpenik zitalena da. Klaudikazioa mozorrotzeko amarru lotsagarri hau salatzea beste aukerarik ez zaigu gelditzen, mugimendu hau hasieratik bereizi izan duen argitasunez eta zintzotasunez.

Une zail hauetan gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu erasotuta eta huts eginda sentitu diren preso politikoen senide guztiei. Beti izango duzue gure mirespena eta begirunea zuen hurkoen ondoan egoteko erakusten duzuen tinkotasunagatik. Jaso besarkada estu bat. Zuekin gaude!

Euskal Herria, 2019ko martxoaren 4a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.