Azken astean sakabanaketak eragindako hiru istripuen aurrean

Soumis à la lun, 04/02/2019 - 01:00

Hiru izan dira azken astean zehar espainiar Estatuaren sakabanaketa politikak eragindako auto istripuak: Jesus Mari Etxeberria (Puerto III), Jon Mirena San Pedro (Herrera de la Mancha) eta Luis Mariñelarenaren (Curtis) senideek pairatutakoak. Gure elkartasuna helarazi nahi diegu haiei eta euren senideei ere.

Gogora ekarri nahi dugu 16 direla espetxe sakabanaketaren ondorioz hildako euskal preso politikoen senideak eta, aste honetako istripuek erakusten duten bezala, politika hiltzaile hau mantentzen den bitartean senide gehiago hiltzeko arriskuak iraungo du.

Istripu hauek, alabaina, ez dira kasualitatearen ondorio, Espainiako eta Frantziako Estatuek preso politikoei egiten dieten xantaia krudelarena baizik. Estatuek preso politikoen senideak erabiltzen dituzte kartzelan dauden militante politikoen damutze deklarazioak lortzeko xedeaz. Preso eriei “damutu ala hil zaitez” esaten dieten modu berean, gainontzeko preso politiko guztiei “damutu zaitez ala zure senideek larrutik ordainduko dute” esaten diete.

Sakabanaketa politikak baditu arduradun zuzenak. PNVk eta PSOEk diseinatu eta geroago PPk ere mantendu zuen espainiar Estatuan. UMPk eta PSFk jarri zuten praktikan Frantziako Estatuan eta Emmanuel Macronek jarraitzen du aplikatzen. Bakezale faltsu hauek guztiek biolentzia erabiltzen dute herrien askatasun grinak zapuzten saiatzeko eta haien pribilegioak mantentzea bermatzen dien ordena konstituzionala mantentzeko.

Estatu biolentziaren aurrean, Euskal Herriari borrokan jarraitzea ez den beste biderik ez zaio gelditzen, eta zehazki preso, deportatu eta iheslari politikoen kasuan, amnistiaren aldeko borrokan. Amnistiak, errepresaliatuen askatasunaz gain, hauen existentziaren oinarrian dauden arrazoien desagerpena barnebiltzen duelarik, honen eskutik etorriko da benetako bakea.

Euskal Herria, 2019ko otsailaren 4a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.