Maravillas Gaztetxearen hutsaraztearen aurrean

Soumis à la mer, 09/01/2019 - 01:57

Maravillas gaztetxearen hutsaraztearen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin elkartasuna adierazi nahi diegu proiektu honen parte diren pertsonei zein Euskal Herriko edozein txokotan sistemaren kontrolpetik at dauden espazioak askatzeko lanean diharduten guztiei. Gune autogestionatuak justizian oinarritutako baloreetan hezteko eskolak izan dira hamarkadetan zehar eta izaten jarraitzen dute gaur egun ere.

Gaztetxeek, higiezinen espekulazioari eta jabego pribatuari eraso egitearekin batera, biltokia eta teilatua eskaini dizkiete gazteriari eta herri osoari proiektu askatzaile eta iraultzaileak aurrera ateratzeko, Euskal Herrian sufritzen ditugun zapalkuntza ezberdinei aurre egiteko ekimen mordoa gauzatu ahal izatea bermatuz.

Horregatik hutsarazi zuten atzo Maravillas gaztetxea, eta gure mugimenduak irmoki salatu nahi du helburu hau bera, zein Nafarroako Gobernuak zipaio foralak bidali izana (Polizia Espainolarekin batera) gune askea defendatzen zuen jendea jipoitzeko. Atzoko jarrera errepresiboak argiki frogatzen du instituzioetan txertatzeak ekartzen duen aldaketa bakarra sistema berbera kudeatzeko moduan dagoena dela eta momentua helduta, sikiera aldaketa hori ere ez.

Instituzioetan egoteak izan dezakeen zentzu bakarra, hauek barrutik haustea da, kalean ematen den borrokarako osagarri gisa. Benetako aldaketa bakarra herri mobilizatu eta antolatuak errotik burutzen duena izango da nahita nahiez.

Bukatzeko, Iruñeko eta Euskal Herriko gazteria zoriondu nahi dugu errepresioaren aurrean ez makurtzeagatik. Erakutsitako jarrera eredugarria eta herri mugimendua berpizten laguntzeko ekarpen erraldoia da. Erresistentzia eta desobedientziaren bidez kapitalismoak eraikitako kartzela erraldoitik at alternatibak eraikitzea posiblea dela erakusten ari zarete. Gora okupazio mugimendua eta gora euskal gazteria!

Euskal Herria, 2019ko urtarrilaren 9a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.