Amurrioko baserriaren aurkako tiroketaren aurrean

Soumis à la mar, 08/01/2019 - 02:58

Pasa den igandean, hilak 6, ezker abertzaleko familia baten baserria tirokatu zuen Espainiako Poliziako kide ohi batek Amurrion. Honen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Agiri honen lehenengo hitzak tirokatutako familiako kideentzat dira: gure elkartasun osoa eta gure babesa adierazi nahi dizuegu. Gaur egun izan ditzakegun desberdintasun ideologikoen gainetik, azpimarratu beharra dugu zuen etxea tirokatu duenarengan eta, oro har, Euskal Herriaren aurka aritzen direnengan, zuek bezala guk ere, etsai amankomuna aurkitzen dugula. Jaso ezazue gure besarkadarik zintzoena une zail hauetan.

Gertatutakoaren inguruko irakurketa politikoari dagokionez, argi eta garbi esan behar dugu ez dugula inolaz ere onartuko burua galdu duen ero bat izan daitekeela dioen bertsioa. Gertaera honek arduradun politikoak ditu, hain zuzen ere ezker abertzalearen aurka hamarkadak zaborra botatzen dabiltzan politikari profesionalak, enpresari handien komunikabideak eta diru publikoz lagundutako erakunde faxista ezberdinak.

Batzuek hamarkadak daramatzate independentista, ezkertiar, antikapitalista, feminista, antifaxista edota euskaldun usaina duen ororen aurkako gorrotoa hedatzen, mugimendu hauen aurka dena zilegi dela jendartean iltzatu nahian. Hamarkadak daramatzate bitarteko guztiak erabiltzen gu garenari, gure herriari, gure kulturari, Euskal Langile Herriari eraso egiteko. Hamarkadak Espainiako eta Frantziako Estatu terroristen gerra zikina, erailketak, bahiketak eta torturak justifikatzen, eta Amurrioko baserriaren tiroketa zabor honen guztiaren ondorioetako beste bat baino ez da.

Orain dela hilabete eskas, titular guztiek ematen zuten Gasteizko campusean AEDE izeneko talde ultraeskuindarraren kide baten aurkako erasoaren berri, eta ordezkapen instituzionala daukaten alderdi guztiek arbuiatu zuten aipatutako ekintza. Guk, ordea, argi daukagu AEDE bezalako erakundeek, beste batzuen artean, salatzen ari garen tiroketa hau bezalakoak egon daitezen klima aproposa sortzeko betekizuna dutela. Hausnarketa moduan, zalantzarik ez daukagu faxismoaren aurrean bi aukera baino ez direla existitzen: haiek ala gu.

Baten batek errepikatuko du buruz ikasitako abestia, jarrera honek faxisten parean jartzen gaituela alegia. Abesti horrek, baina, faxismoa zuritzeko nahia besterik ez du erakusten. Modu arrazional batean ezinezkoa da arrazismoa, matxismoa, langileen esplotazioa, Ama Lurraren ustiapena, herrien okupazio militarra, homofobia eta transfobia, eta pobreen aurkako gorrotoa zabaltzen dutenak, hain zuzen ere hau guztia bultzatzen dutenen aurka dihardutenekin parekatzea. Hau da, ezin dira inolaz ere parekatu faxistak eta antifaxistak, eta zalantza izpirik gabe baieztatzen dugu bi jarrera hauen arteko distantziakidetasunean mantentzen direnak faxistei ari zaizkiela mesede egiten.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azpimarratu nahi du borrokarako garaia izaten jarraitzen duela, soilik bide horretatik lortuko dugulako faxismoaren atzaparrei ihes egitea eta gure herria zein gure klasearen askatasuna eskuratzea.

Euskal Herria, 2019ko urtarrilaren 8a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.