Garikoitz Aspiazuren senideek sufritutako istripuaren aurrean

Soumis à la sam, 05/01/2019 - 15:50

Garikoitz Aspiazu Bilboko preso politikoaren neska-lagunak eta 23 hilabeteko semeak pasa den asteartean Arleseko kartzelatik (Bilbotik 721 kilometrora) irten eta gero sufritu zuten auto istripuaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere elkartasuna helarazi nahi die hirurei.

Era berean, salatu nahi dugu Espainiar eta Frantziar Estatuek preso politikoen aurka mantentzen duten dispertsio politika, hauek euren izaera politikoari uko egin diezaioten erreminta zikina delako. Zikinetan zikinena gainera, presoari eraso egiteko bere senideak erabiltzen baitituzte. “Damutu zaitez ala zure senideek odolez ordainduko dute” da Estatu hauek dispertsio politikaren bitartez zabaltzen duten mezua.

Ezin dugu pasatzen utzi Garikoitz, urrunduta ez ezik, gainontzeko preso politikongandik bakartuta ere mantentzen dutela, kartzela horretan dagoen bakarra bera baita. Horrek bi ondorio bilatzen ditu: batetik senideen huste ekonomikoa areagotzea bidaiak beste inorekin partekatu ahal ez izateagatik, eta bestetik presoaren isolatze politikoan sakontzea. Politika honekin, Estatu Frantsesak preso politikoen arteko ezberdintasun argia egiten du, “onen eta txarren” arteko ezberdintasunaren argudioa berriz aireratuz eta hurbildu dituztenen aurkako mehatxua mantenduz, izan ere, hauetako baten batek “portaera ezegokia” mantenduko balu, urrundua izango bailitzateke berriro ere.

Hori dela eta, gure mugimenduak horrelako desberdintasunak eta Estatu Frantsesaren jokaera zitala salatu nahi ditu. Bestetik, herriari dei egiten diogu bere aldarrikapenak egiteko orduan “gogorrak eta bigunak”, “odol delituak dituztenak eta ez dituztenak”, “politika egiteagatik daudenak eta borroka armatua egiteagatik daudenak” (borroka armatua politika egitea ez balitz bezala) ezberdintzeko tranpan eror ez dadin, horixe baita kartzela barruan existitzen diren erresistentzia jarrera guztiak suntsitzen laguntzeko eta zenbait presoren babesgabetasun egoera handitzeko modurik onena. Amnistia osoa!

Euskal Herria, 2019ko urtarrilaren 5a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.