Dani Pastorren arrebak pairatutako istripuaren inguruko argipena

Soumis à la lun, 24/12/2018 - 17:18

Agiri honen bidez Dani Pastor euskal preso politikoaren arrebak ostiralean sufritutako auto istripuaren inguruko informazioa argitzera gatoz.

Esan bezala, ostiralean izan zuen istripua Daniren arrebak Bilbon bertan, biribilgune batean lehentasuna ez zuen beste auto batek berea bortizki jo zuenean. Istripuaren ondorioz, Daniren senidearen autoa erabat hondatuta gelditu zen, eta arreba erabat minduta, zauri larririk ez badauka ere. Oraintxe bertan etxean dago atseden hartzen, lepokoa jarrita eta gorputza minduta.

Istripua Puerto III-ko kartzelan dagoen Dani Pastor ikusteko beste bi senideren bila Errekaldera zihoanean izan zuen, jarraian Loiuko aireportura Sevillarako hegaldi bat hartzera joan behar zutelako. Istripua pairatu arren eta minari aurre eginez, arrebak bidaia egitea erabaki zuen bi arrazoigatik: lehenengoa Daniri istripuaren berri aurrez aurre eman ahal izatea, larritu ez zedin. Bigarrena, Sevillatik Puertorako bidea autoz egin behar zutenez eta Daniren arreba gidabaimena zeukan bakarra izanda, ez zuelako nahi izan neba bisitarik gabe utzi. Bidaiatik bueltan zuzenean joan zen ospitalera artatua izateko.

Bestetik, informatu nahi dugu gure mugimenduak orain arte istripuaren inguruko informaziorik ez badu eman, Daniren senideen erabakia errespetatuz izan dela, orain informazio hau ematea haien baimenarekin egiten dugun modu berean. Daniren senideek ulertzen zuten oraindik bidaia hasi gabe zegoela eta beste edozein egunetan gerta zitekeela istripua, eta ez zutela biktimismorik egin nahi, are gutxiago dispertsio politikak eragindako istripu mordoa eta 16 senideren heriotzak kontutan izanda. Hori dela eta, informazio hauek fede honez baina kontrastatu gabe sare sozialetan zabaltzen dituzten pertsonei, tentuz eta arduraz jokatzeko eskatzen diegu.

Edozein kasutan eta behin informazio hau publiko eginda, salatu nahi dugu preso politikoei haien senideen bitartez xantaia egiteko espainiar zein frantziar Estatuek darabilten dispertsio politika krudela. “Damutu zaitez ala zure senideek odolez ordainduko dute” leloari jarraiki, biolentzia mota hau erabiltzen ari dira preso politikoak, haien izaera politikoari uko eginez, damutzera bultzatzeko. Doala hemendik gure besarkadarik beroena Dani Pastor gudariari eta bere senideei.

Euskal Herria, 2018ko abenduaren 24a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.