Amnistiaren aldeko manifestazio nazionala, azaroaren 18an Bilbon


18:00etan irtengo da Bilboko Jesusen Bihotzetik Soumis à la mer, 18/10/2017 - 17:29

Euskal preso politikoak gure herriak Espainiako eta Frantziako Estatuekin mantentzen duen gatazkaren ondoriozko errepresioaren emaitza mingarrienetakoa dira, iheslari, deportatu eta borroka egiten bizitza galdu duten edo lapurtu dieten militanteekin batera. Errepresioaren emaitza baldin badira, zalantzarik gabe baiezta dezakegu borrokaren ondorio ere badirela, Estatuen errepresioa hauek topatzen duten erresistentziarekiko proportzionala baita, eta hala izaten da alde bietako batek, konfrontazioak eragiten dizkion kostuen ondorioz, hainbat jarreretan ala guztietan amore ematen duen arte.

Hau horrela izanda eta oraindik ehunka euskal errepresaliatu politiko ditugula ikusirik, ez dago zalantzarik zor dieguna borrokan jarraitzea dela haien askatasuna eta gure herriarena lortzen dugun arte, independentzia, sozialismoa eta amnistiaren gauzapenera arte. Are gehiago, Estatuek bahituta mantentzen dituzten horiek akabatzeko saiakera gordinak dirauenean.

Aldiro jasotzen ditugu preso politiko erien inguruko albiste mingarriak, momentuaren arabera presoaren izena aldatzen delarik, eta orduan ematen diogu garrantzirik gehien haien egoerari. Alabaina, Estatuen makinariak ez du atsedenik hartzen eta preso hauek kartzelan pasatzen duten egun bakoitzak heriotzaren amildegira hurbiltzen ditu pixka bat gehiago.

Azken egunotan Ibon Iparragirreren osasunaren inguruko albistea jaso dugu. Bere gorputzak ez dauka defentsarik eta edozein momentutan hil daiteke. Garaian, bere gaixotasuna dela eta, zigorra etxean betetzea onartu zioten, baina beranduago baimen hori bertan behera utzi eta berriro kartzelaratu zuten.

Krudelkeria honen atzean dagoena, ordea, ez da mendeku gose soila, herri oso bat ikaratzeko nahia eta batez ere preso politikoen damutzea lortzeko saiakera baizik. “Damutu zaitez ala hil”, hori da preso gaixoei mahai gainean jartzen ari zaizkiena, damutze honen bitartez Estatuak garaiezinak direla erakutsi nahian.

Era berean, Catalunyako egoerak erakusten digu ez dela egia bide baketsuen bitartez edozein proiektua dela egingarria, gezur hori Euskal Herrian urtetan zehar errepikatzen egon badira ere. Logika berberari jarraiki, baiezta dezakegu euskal borrokalariei ez dietela errepresioa aplikatu momentu jakin batean biolentzia erabili zutelako, hain zuzen ere Estatu inperialisten biolentziari aurre egin ziotelako baizik.

Omnium eta ANC-ko bi kideen kartzelaratzearekin asko dira Espainiako Estatuak “orain” preso politikoak dituela esan dutenak, nahiz eta “orain” arte preso politikoen existentziaren aurrean beste alde batera begiratu duten. Haiei ere zuzendu nahi gatzaizkie esateko 1936tik ez dela egon Espainiako Estatuan preso politikorik gabeko egun bakar bat ere, eta denon arazoa dela amnistia osoaren gauzapena.

Euskal preso politikoak, iheslariak eta deportatuak errepresioa pairatzen ari dira, zehazki, gaurkoan faxistak direla inork gutxik zalantzan jartzen duen Estatu zapaltzaile horiei aurre egiteagatik. Bitarteko, ikuspuntu eta helburu desberdinekin, baina preso politiko berriek borrokatutako minimo demokratiko berberen alde.

Azaldutako guztiagatik, inoiz baino beharrezkoagoa da amnistiaren aldeko borroka sustatzea eta indartzea. Inoiz baino argiago gelditzen da askatasunaren aldeko borrokak dirauen bitartean etsaiak preso politiko berriak eragiten jarraituko duela eta kartzelak husteko bi modu besterik ez daudela: irabaztea ala amore ematea.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak udazkenero egiten duen amnistiaren aldeko manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin nahi du, azaroaren 18an Bilboko Jesusen Bihotzetik 18:00etan abiatuko dena. Antolakuntzaz eta borrokaz, amnistia!

Euskal Herria, 2017ko urriaren 18a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Manifestazioa