Saioa Sanchez Berangoko preso politikoa estraditatu dute


Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirainekin batera epaituko dute Espainiako Audientzia Nazionalean Soumis à la mer, 18/04/2018 - 18:23

Frantziako Estatuak Saioa Sanchez Iturregi Berangoko preso politikoa estraditatu du gaur. Espainiako poliziaren esku utzi du Audientzia Nazionalak hala eskatuta, bertan irekita daukan prozedura baten baitan epaitua izan dadin, eta hauek espetxera eraman dute.

Saioa 28 urteko zigorra betetzen ari da Estatu frantsesean eta epaiketa bukatuta hara eramango dute berriz. Oraingo epaiketan 15 urteko espetxe zigorra eskatuko du fiskalak berarentzat eta berarekin batera epaituko dituzten Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain bilbotarrentzat ere. Bihar bertan pasaraziko dute Saioa epailearen aurretik.

Azpimarratu beharra dago epaiketa hau 2015eko irailean egindakoaren errepikapena dela. Orduan hiru euskal militanteak zigortu zituzten, Bea Etxebarriak komisarian pairatutako tortura larriak azaldu bazituen ere. 2016an, ordea Espainiako Auzitegi Gorenak kondena bertan behera utzi eta epaiketaren errepikapena agindu zuen, Iñigo Zapirainen tortura salaketa ikertu ez zutelako.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ez dio inolako zilegitasunik ematen euskal militanteak epaitzeko salbuespen epaitegi horri ezta Estatu espainolaren inongo erakunderi ere. Are gutxiago epaiketa horiek okupazio indarrek euskal militanteen aurka erabilitako torturetan oinarria dutenean.

Horren ordez, bai galdegiten dugu torturaren praktika lazgarria gauzatu eta agindu dutenen jazarpena, atxiloketa eta kondena. Borrokaren kriminalizazioaren eta estatu terrorismoaren justifikazioaren garaian bizi garen honetan, ez diegu onartuko gure herrira gerra egitera etorri zirenei torturaren gorazarrea egiten jarraitzea. Saioa, Bea eta Zapi askatu! Gudariak direlako, amnistia!

Euskal Herria, 2018ko apirilaren 18a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.