Sortuko militanteen atxiloketen aurrean


Borrokaren kriminalizazioaren eta zapalkuntzaren justifikazioaren garaian murgilduta gauzkate Soumis à la mar, 20/03/2018 - 15:12

Sortuko lau kideen gaurko atxiloketak direla eta, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin atxilotuen berehalako askatasuna galdegin nahi dugu eta, errepresioaren aurrean beti egiten dugun moduan, elkartasuna adierazi nahi diegu. Era berean, Guardia Zibila bezalako erakunde terrorista batek Euskal Herrian aurrera daraman jarduera salatu nahi dugu.

Etengabeak dira Espainiako Estatu faxistak Euskal Herriko politika bere talde armatuen bitartez baldintzatzeko eta kontrolatzeko burutzen dituen operazioak. Gurea indarrez okupatutako herria den heinean, hitza ere bahitzen digute eta, zenbait kasutan, gure sentimenduak ere bai, esate baterako errepresaliatu politikoen gaian.

Gogoratu beharra dago gaurko atxiloketek azaroan gaixotasun luze baten ondorioz etxean preso hil zen Belen Gonzalez Peñalba militante politikoaren agur ekitaldiarekin zerikusia dutela, izan ere atxilotuei ekitaldi horretan parte hartzeagatik 'terrorismoa goratzea' leporatzen ari baitzaizkie. Gure burkideei merezi duten moduan agur esatea delitua bilakatu zuten aspaldi, eta dagoeneko zenbatezinak dira antzeko arrazoiengatik Audientzia Nazional espainolak irekitako prozedurak.

Zentzu horretan PNV eta Gobernu Baskongadoaren jarrera ere salatu nahi dugu. Espainiaren morroi diren hauek errepresaliatu politikoen aldeko ekitaldiak kriminalizatzen dituzte euren deklarazioekin. Horren adibide dira Aintzane Ezenarro goranahiak, gaur egun besteen sufrimenduan ogibidea izaten jarraitzen duenak, preso ohien amek ongi etorria etxean eta ez kalean egin behar zietela esan zueneko deklarazioak.

Borrokaren kriminalizazioaren eta zapalkuntzaren justifikazioaren garaian murgilduta gauzkate Espainia eta Frantziako Estatuek eta haien morroiek, justizian oinarritutako bakearen ordez asimilazioan oinarritutako pazifikazioa ezartzera etorri diren erakunde eta politikarien laguntzarekin. Egoera honen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak errepresaliatu politikoen duintasuna eta amnistia defendatzen jarraituko du, etorkizuneko borrokaren zutabeak zutik mantentze aldera. Gudariak direlako, amnistia osoa!

Euskal Herria, 2018ko martxoaren 20a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.