Barakaldoko taldearen amnistiaren aldeko egitaraua San Bizenteko jaietarako


Agiri politikoa eta ekitaldien kartelak Soumis à la mar, 16/01/2018 - 16:35

Beste behin ere San Bizenteko jaiak politizatzeko gure konpromisoa agertzera gatoz. Politizatuta jaio ziren festak dira, Barakaldoko auzo desberdinetara jai herrikoiak itzultzeko borrokatu, protestatu eta mobilizatu behar izan baikenuen. Jaiak politizatzera gatoz, erakunde desberdinak, komertzioak eta auzokideak jai-gunea nola antolatu erabakitzeko astero biltzea, auzoan zehar ze aisialdi-kultura jarduera eta ze aldarrikapen egingo diren erabakitzea, politika egitea baita. Politizatuta egongo dira, itotzen gaituen sistema kapitalista honen injustizia guztien kontrako borrokarako lubaki eta aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko bozgorailu direlako. Justizia sozialen eskakizunetatik, eraso matxistarik gabeko jaiak bultzatzera; euskal kultura sustatzetik, euskal preso politikoekin eta Barakaldoko txiolariekin elkartasuna adieraztera. Hau ulertuta, kartzeletako barroteen itzalpean geratzen dena eta informazio ezak ezkutatzen duena bistaratzeko, pintadak, kartelak eta pankartak berriro ere txosnagunearen ekosistemaren parte egiteko konpromisoa hartzen dugu. Jai herrikoiak herriarenak eta herriarentzat direla geureganatzen badugu, ezin dugu ahaztu herriarentzako dena eman duten herriko militanteen borroka goraipatzea eta haien askatasuna exijitzea.

Aurten ere txosna eta konpartsa (Nahaste Borraste) partekatuko dugu Berri Otxoak-ekin urtarrilaren 19tik 28ra. Aurreko urteekiko berritasun bezala, bokatak prestatuko ditugu (begetariano eta begano aukera barne) kontzertu gau guztietan. Hala ere, gure jarduna ez da txosnako zereginetara mugatuko eta prestatu ditugun ekintza eta jardueretara gonbidatzen zaituztegu:

  • Urtarrilaren 25ean, Osteguna, 19:30etan Eliza aurreko plazan larriki gaixo dauden euskal preso politikoen berehalako askapena eta amnistiaren aldeko kontzentra gauzatuko dugu.
  • 26an, Ostirala, 18:30etatik aurrera Makala II gaztetxean, “Tortura, militantzia kartzelan eta errepresioa” hitzaldia burutuko da. Hizlaria Andeka Jurado izango da, Barakaldoko preso politiko ohia eta urte eta erdiko kartzela kondena egotzi dioten txiolaria.
  • Hurrengo egunean 15:00etan, gaztetxean bertan, Barakaldoko Gazte Asanbladarekin batera (BGA) Armiarma Operazioan atxilotuak izan ziren Barakaldoko txiolariekiko elkartasun bazkaria antolatu dugu. Aterako diren etekin ekonomikoak errepresaliatuen gastu judizialen ordainketei aurre egiteko igorriko dira.

Espero dugu politizatzen zareten bitartean primeran pasatzea.

GORA SAN BIZENTEKO JAI HERRIKOI ETA POLITIZATUAK!

JAIAK BAI, BORROKA ERE BAI!

PRESO GAIXOAK KALERA! AMNISTIA OSOA!

 

Barakaldoko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Orokorra

Kontzentrazioa

Hitzaldia

Bazkaria