Vox-en eta zipaioen erasoaren aurrean

Soumis à la sam, 20/06/2020 - 14:40

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak atzo Bilbon Euskal Herriko langileriaren aurka burututako ekimen faxista salatu nahi du. Vox-eko jauntxo espainolen probokazio koldarraz gain, faxismoaren hanketako bat den poliziaren erasoa ere salatu nahi dugu. Biak sistema kapitalistaren eta inperialismoaren logika berean mugitzen dira. Era berean, atxilotutako pertsonari eta kolpatutako manifestari antifaxistei elkartasuna helarazi nahi diegu.

Vox-eko arduradunetako askok familia aristokratikoen abizen luzeak dituzte, frankismo garaian langileak erail eta hauei zeuzkaten lur apurrak eta etxebizitzak lapurtzen zizkieten faxisten abizenak hain zuzen ere. Pobreen aurka egiten zuten haien arbasoek, pobreen odola isurtzeari esker aberastu ziren, eta gaur egun ere pobreenen aurka egiten dute bizkarroien antzera langileen lepo bizitzen jarraitzeko intentzioarekin. Atzo Euskal Herriko auzo txiroenetako batera etorri ziren eta migratzaileen aurka jo zuten espainiar izaeraren defentsaren bitartez langile prekarizatuenei eraso eginez.

Euskal Herriak berriro erakutsi du bizirik dagoela. Berriro ere aurre egin dio faxismoari, eta hau egin du San Frantzisko auzoko langileriaren defentsa irmoaren bitartez, espainolismoaren kontra, faxismoaren adierazpen zital honen kontra. Faxisten ondoan zipaioak egon dira, beti bezala zapaltzaileen alde, burgesiaren interesen alde, langileriaren eta euskal nazioaren aurka. PNVren polizia morroiak espainiar oligarkiari lan zikina egin zion, beste behin ere.

Faxismoa ez da bakarrik Vox, faxismoa sistema osoa da, euren alde duten egoera hau betikotu nahian, antzezlan honetan paper ezberdinak banatzen dituelarik. Elite ekonomikoek sistema kudeatzeko aukera ematen diete alderdiei pastelaren zatitxo baten truke, betiere sistema bera gainditzeko saiakerarik egiten ez duten bitartean. Horixe da bake faltsua mantentzeko modurik onena, zapaldua otzan eta zapaltzailea harroputz irautea bilatzen duen hilerrietako bakea.

Espazio sozio-politiko berria sortu da Euskal Herrian, instituzio burgesen amuaren iruzurra irentsi ez duena eta bere eskubide politiko, nazional eta sozialak borrokaren bitartez irabazteko prest dagoena. Borrokak ez du etenik.

Euskal Herria, 2020ko ekainaren 20a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.