Jesus Ricardo Urteaga deportatu politikoaren heriotzaren aurrean

Soumis à la jeu, 02/04/2020 - 22:16

Jesus Ricardo Urteaga “Txetxu”, Azkoitiako deportatu politikoa, Venezuelan hil da gaixotasun larri baten ostean, Etxeratek jakitera eman duenaren arabera. Frantzian preso sartu ostean, Venezuelara deportatu zuten orain dela 36 urte.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak doluminak helarazi nahi dizkio bere familiari, Jesus Ricardo Euskal Herrira itzuli ahal izan gabe hil izana salatzearekin batera.

Deportazioa zigor ezezagunetarikoa da. Kartzelan egon ez arren, deportatuak linbo legal batean bizi dira, izan ere eta pasatako urteak pasata ere, zigorra ez baita inoiz bukatzen. Deportatuek bizi modu berri bat eraiki behar izan dute etxetik milaka kilometrotara, guztiz ezberdinak ziren kulturetara moldatuz.

Gure aldetik, deportatu, errefuxiatu eta preso politiko guztientzako amnistia osoa aldarrikatzen dugu berriz ere, amnistia hau, errepresaliatu politiko guztien askatasunaz gain, beraiek borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditzeaz ulertuta. Beraz, amnistia osoa aldarrikatzen dugu errepresaliatu politikorik gabeko Euskal Herri independente eta sozialista lortzeko neurri moduan.

Euskal Herria, 2020ko apirilaren 2a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.