Ezkerraldeko hiru gose grebalarien oharra


Gaur 18:00etan, hamaikagarren eguna betetzean, bukatuko dute protesta Soumis à la sam, 23/05/2020 - 17:06

Ezkerraldean maiatzaren 12tik gose greban gauden hiru pertsonok jakinarazi nahi dugu bukaera emango diogula protesta honi gaur, 18:00etan, jan gabe hamaikagarren eguna betetzen den ordu berean.

Ekimen honi hasiera eman genion Patxi Ruizek Murtzia II kartzelan gose eta egarri grebari hasiera eman eta hurrengo egunera, kontutan izanda egoeraren larritasuna, baina baita egoera sozial eta politikoari begiratuta ere.

Konfinamenduan zehar gure eskubide politikoak bertan behera utzi dituzte, eta manifestazio eskubidea ere zapaldua izan da. Testuinguru horretan dinamika hau, beste batzuekin batera, kalea berpizteko txinpartatxo bat izan dela deritzogu, eta Patxiren aldeko mobilizazioak, gose grebak, barauak eta beste ekimen mota batzuk martxan jarri dituzte Patxik egarri eta gose grebari ekin zionetik.

Aurrera eraman dugun ekimen honek ekar zitekeen etekinak dagoeneko batu ditugula iritzita, kaleko dinamiketara batuko gara hemendik aurrera. Hiru grebalariok azpimarratu nahi dugu Patxi ura edaten hasi bada ere, bere egoera larritasun handikoa izaten jarraitzen duela eta bere aldarrikapenak mantentzen dituela.

Kaleak berreskuratzen hasi garen honetan, ez gaitezen erlaxatu eta jarrai dezagun herriarenak diren aldarrikapen espazioak Euskal Herriko txoko guztietan irabazten. Jo ta ke irabazi arte! Patxirekin beti! Amnistia osoa!

Ezkerraldeko gose grebalariak.