Espainiar Armada Iruñean. Alde hemendik!

Soumis à la ven, 03/04/2020 - 21:32

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak okupazio indarrek Euskal Herrian duten presentzia salatu nahi du, eta zehazki gaur Espainiar Armadak Iruñean egindako erakustaldi tamalgarria.

Konfinamendu behartua hasi zenetik guk eta beste hainbat eragile politikok, benetan aplikatu digutena Salbuespen Egoera bat dela salatu izan dugu. Iruñean eta azken egunotan Euskal Herriko txoko ezberdinetan Espainiar Armadak aurrera eramandako operazioek zerikusi gutxi daukate osasun kontuekin, eta zerikusi osoa dute langileriaren kontrolarekin eta beldurraren hedapenarekin.

Euskal Herriaren kasuan, gainera, berebiziko zama dauka gurea okupazio indar atzerritarrek zapaldutako herria izatea. Azpimarratzekoa da herri zapalduaren kontzientzia edukitzea ezinbestekoa dela okupatzaileei aurre egiteko orduan, eta hain zuzen ere horregatik, gurea herri borrokalaria delako, saiatzen ari dira haien botere militarra erakutsi nahian. Euskal Herrian inposatutako mugaren bi aldeetan espainiartze eta frantseste prozesua indartzeko saiakera baten aurrean gaude.

Inperioak, oligarkia eta burgesia datorrenaren aurrean birkokatu nahian dabiltza, herri zapalduen eta langileria esplotatuaren edozein matxinada saio armen bidez suntsitzeko. Ez diegu okupazio indarrei inolako zilegitasunik onartzen Euskal Herrian jarduteko, eta are gutxiago langileriaren aurka jotzeko.

Honen aurrean Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antolatzeko eta borrokarako deia egiten du. Independentzia, sozialismoa eta amnistia!

Euskal Herria, 2020ko apirilaren 3a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.