EH Bilduk eta Sortuk Patxi Ruizen inguruan argitaratutako agirien inguruan

Soumis à la mer, 20/05/2020 - 14:58

EH Bilduk eta Sortuk Patxi Ruiz euskal preso politikoaren inguruan ateratako agiriak direla-eta, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Patxi Ruizen borondatea errespetatu

EH Bilduk dioenaren arabera, Bel Pozueta parlamentaria Murcia II-ko kartzelan Patxi bisitatu ahal izateko beharrezkoak diren gestioak egiten ari da. Sortuk erantzukizuna eskatzen digu bere miseriak estaltzeko. Denaren gainetik eta, are gehiago une gogor hauetan, Patxiren borondatea errespetatu beharra dago, eta Patxik argi utzi du EH Bilduren eta Sorturen jarrera politikoak ez duela bere oniritzia.

Aldi berean mundu guztiari onartu dio bere egoeraz informatzeko eskubidea, baina Patxik defendatzen duen ildo politikoaren arabera gauzatu behar da presioa. Patxik etsaiarekiko konfrontazioa defendatzen du eta EH Bilduk zein Sortuk konfrontazio hori aurrera eramateko dituzten aukerak eta posizioa ez direla aprobetxatzen ari deritzogu.

Herri presioa

Ugariak dira Euskal Herrian zehar burutzen ari diren mobilizazioak eta dinamikak. Behin baino gehiagotan debekuen gainetik burutzen ari dira. Kontutan hartzekoa da, gainera, pandemiaren aitzakiarekin gure eskubide politikoak bertan behera utzi dituztela zaplatzen gaituztenek. Euskal Herria, ordea, Patxirena bezalako egoera larriaren aurrean erreakzionatu eta erantzuten jakiten ari da, konfinamendua hasi zenetik munduan mobilizazio gehien burutu dituen herrialdea izanik.

Herri presiorik gabe Patxiren auzia ezkutatuta mantenduko lukete sistemaren txakur diren komunikabideek. Agerian gelditu da markatze zuzenik gabe ez dagoela gaia mahai gainean jartzerik, eta alderdi instituzional guztiak gehiago kezkatzen dituela horma batean egindako margoketek Patxiren bizitza baino.

Hortaz, esan beharra dugu EH Bildu eta Sortu ere Patxiren alde herri presioa gauzatzen ari direnen kontrako kanpainan murgildu direla, eta Patxik bizirik jarraitzeko esperantza minimo bat baldin badauka, esperantza hori beraiek gelditzen saiatzen ari diren herri presioan dagoela. Kontraesankorra deritzogu Patxiren alde lanean daudela esateari beraren aldeko presio ekimenei oztopoak jartzen dizkieten bitartean.

Irtenbide indibidualek presoak babesgabe uzten dituzte

2014tik hona Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak defendatu du irtenbide indibidualek presoen arteko batasuna apurtzen zutela eta, ondorioz, presoak babesgabe uzten zituela kartzelaren gehiegikerien aurrean, eta irakurketa hori logika honen arabera egiten genuen:

Preso batek gradu progresioa egiteko kartzelaren “tratamendu indibidualizatua” deritzana onartzen duenean, aldi berean onartzen ari da beste kide batzuen aurkako injustiziak salatzeari uko egitea. Kideekin elkartasuna adieraziz gero gradu progresioa egiteko bidea zailtzen zaio.

Gure mugimendua errespetu osoz jardun da espetxe barruko dinamikei dagokienez, baina analisi objektiboa eginez, oraingoan ikus dezakegu Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hasieratik egindako irakurketa zuzena zela. Praktikak baino ez du teoria egiaztatzen edo gezurtatzen, eta Murcia II-ko kasuak erakusten du Patxi guztiz babesgabe gelditu dela kartzelaren aurrean.

Murcia II-ko preso bakar batek baino ez du Patxiren aldeko elkartasun jarrera publikorik hartu, Patxi hiltzen den bitartean gainontzeko guztiek gradu progresioari lehentasuna ematen dioten bitartean. Ulergaitza egiten zaigu, gaur egun mantendu ditzaketen ezberdintasun ideologikoak direnak direla ere, gainontzeko presoek kartzela presionatzeko inolako dinamikarik martxan jarri ez izana.

Ez dagokio gure mugimenduari balorazio pertsonaletan sartzea, jakinda preso baten egoera partikularra baldintzatzailea izan daitekeela, baina bai azpimarratu behar dugu Murcia II-n gertatzen dena EH Bilduk “Bakerako Euskal Bidea” deritzan dokumentuan marraztutako bidetik eratorritako ondorioa dela. EH Bildu eta Sorturen lerro politikoak eragin zuzena dauka Patxi Ruizen egoeran.

Elektoralismoa

Bukatzeko, ez zaigu oharkabekoa alderdi instituzional guztiak hauteskunde kanpainan murgilduta daudela eta horren araberako mugimendu publikoak egiten dituztela. EH Bilduren eta Sorturen oharrak Patxiren gose eta egarri grebaren bederatzigarren eta hamargarren egunetan heldu dira, orain arte herriaren ekintza zuzenak kritikatzeko izan denean baino ez dutenean Patxi zeharka aipatu eta, orain, gerta dakiokeenaren ardura Patxiren inguruaren gain jartzeko. Zaila da aurkitzen lokatzetan murgiltzen hain gustura egon daitekeenik. Mugimendu estetikotzat eta elektoralistatzat hartzen ditugu haien ekimen eta deklarazio guztiak.

Alderdi instituzionalek herriari sinestarazten diote politikari profesionalek egiten dutena baino ez dela politika, herriari sinestarazten diote sistema burgesak markatutako parametroen barnean egiten dena baino ez dela politika, langileriaren heldutasunari muzin eginez.

Ikuspegi iraultzaile batetik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ez du ulertzen instituzio burgesetan egotea hauek barrutik apurtzeko ez bada. Horregatik eta edozein unetan Patxi kolapsora hel daitekeela kontutan harturik, herriari urgentziaz benetako politika egiteko deia egiten diogu, kaletik zapaltzen gaituzten hiltzaileen jarduera baldintzatu eta irauli dezakeena egitera alegia. Patxiren bizitzaren alde, herri borroka aurrera!

Euskal Herria, 2020ko maiatzaren 20a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.