Bea Etxeberria eta bere bi urteko alaba mehatxatu ditu guardia zibil batek

Soumis à la mer, 17/06/2020 - 17:15

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasun osoa helarazi nahi dio Bea Etxeberria Bilboko preso politikoari, guardia zibil batek berari eta bere 2 urteko alabari egindako mehatxuen aurrean. Elkartasun keinu hau Iñigo Zapirain preso politikoari ere zabaldu nahi diogu, Bearen bikotekidea eta umearen aita izanik.

Guardia zibil honek Beari esan dio bai berari zein bere alabari "tiro bat jotzea gustatuko" litzaiokeela. Tartean ume bat egoteak eta mehatxu hauek umea artatzeko ospitalera egindako irteera batean jaso izanak (azkenean amak egoera horretan ez egitea erabaki du) askoz ere larriagoa bihurtzen du gertakaria.

Gogora ekarri behar dugu Guardia Zibila izan zela Bea eta Iñigo atxilotu zituen talde errepresibo-terrorista, eta biek pairatu zituztela tortura larriak. Bea bortxatu egin zuten. Mehatxu egin dion guardia zibilak (neska) agerian uzten du emakume izateak ez zaituela matxista izatetik libratzen, esklaboak zapaltzen zituzten beltzak zeuden moduan edo euren herria kolpatzen eta tirokatzen duten zipaioak dauden bezala.

Salaketa pintadak mehatxutzat hartzen dituzten sasi demokratek, sistemaren alderdi instituzional gehienek, Jonan Fernandez zapaltzaileen zuritzaileak eta abarrek ez dute Bearen kasuaren aurrean ezer esango, torturen aurrean ezer esan ez zuten bezala. Guardia zibil honen mehatxuak ez dira salbuespen, eta Madrilgo kartzeletako trasladoetan parte hartzen duen txakur talde honek hamarkada bat baino gehiago darama presoak (politikoak zein sozialak) mehatxatzen, kolpatzen eta iraintzen.

Guardia Zibila antolakunde terroristaren existentzia soilak justifikatzen du Bea eta Iñigoren borrokaren zilegitasuna. Besarkada estua Bea, Iñigo eta haien bi urteko alabari.

Euskal Herria, 2020ko ekainaren 17a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.