Zuek gabe inora ez


Jon Kepa Preciado Izarra - Euskal preso politikoa - Og, 2018/10/11 - 17:24 argitaratua

Iraila pasatu da, borrokan eroritako gudariak bereziki gogoratu eta omendu ditugun garaia. Gatazkak urte askotan eragindako biolentziaren isla. Baina urtean zehar, ia egunero ez bada, Euskal Herriko etxe batean heriotza bortitz baten urtemuga “ospatzen” da.

Erakunde armatu desberdinek eragindako biktimak badaude, bai, eta Estatu okupatzaileek eragindakoak ere bai, eta azken hauek gure borroka bultzatu eta gurekin helburuak konpartitu zituztenez, gure bidean, pauso bakoitzean presenteagoak egon beharko lirateke, horiek baitira bide honetan, dudarik gabe, galdu dugun gauzarik preziatuena eta baita ere aurrera jarraitzeko arrazoirik argiena.

Bi aldeko biktimak daude aldebiko gatazka bat izan baita. Gure aldeko biktimak ez ziren burugabeko batzuk, ez ziren hiltzaile basati batzuk. Haietako batzuk ez ziren hil borroka armatua praktikatzen, baina beste batzuk bai, erabat konprometituak askatasunarekin, hau da, independentzia eta sozialismoarekin, eta koherentziaz beteta borroka armatuaren erabaki zilegi bezain arriskutsua hartu zuten. Beraz, biolentzia politikoa eta iraultzailea praktikatu zuten, ondorio guztiekin, eta bide horretan haiek hil ziren, hil zituzten.

Gaur egun, Euskal Herriko egoera aldatu da, eta alde baten biolentziak indarrean jarraitu arren, batzuk buru-belarri ari dira existitzen ez den erradiografia bat margotu nahian eta, euren ilusioa gero eta sinesgarriago izateko asmoz, erakundeak, militanteak, presoak, gatazka eta baita ere eroritakoen izaera despolitizatzen. Finean, etsaien bertsioa aintzat hartzen eta horretarako, baita ere, biktimen eremuan tematuta daude parekotasun bat bilatzen, eta bide horretan areagotzen dira EH Bilduren ordezkarien presentzia biolentzia iraultzaileak eragindako biktimen omenaldietan.

Irail honetan adibide bat egon zen Oreretan, eta omenaldi horren harira EH Bilduren buruzagi batek hau esan zuen: “Nuestro compromiso ético y político nos permite seguir caminando desde la empatía con todo el dolor y sufrimiento causado en décadas de conflicto. Nuestro objetivo está claro: construir un modelo inclusivo de paz estable y duradera. Gracias Errenteria” (Gara 2018/09/16). Berri hau irakurtzean, burura etorri zitzaidan orain dela urte batzuk herri berdinean gertakizun baten beste berria, era bortitzez hil zen herri horretako etakide baten omenez jarritako plaka kendu zutela. EH Bilduren udalaren garbiketa brigadak egin zuen “lana” egunsentian.

Holako jarrerak benetan lotsagarriak bezain mingarriak iruditzen zaizkit. Gure iraganaren ukazio honek ez du laguntzen eta ez dira, ezin dira izan, eredugarri gatazkaren konponbide baterako.

Beraz, eta EH Bilduren buruzagi horren adierazpenetara bueltatuz, ze bake da hori? Orain asmatutako enpatia eta konpromiso politiko eta etiko horrek bakea ekarriko al dute? Norentzat?.

Azken urteetan herri mugimendu iraultzaileen krisia ikusi dugu, despolitizazioaren beste adibide bat. Sektore batek daraman bideak ez du zer ikusirik Euskal Herri borrokalari batek behar duenarekin. Bakea irabaztea gatazka gainditzea da, eta amore eman barik gatazkarekin amaitzeko aukera bakarra dago: borroka. Bakea ezin da lortu gatazkaren sustraira jo gabe, borrokatu gabe, izan garenaz lotsatuz, zapaltzaileen bertsioa ontzat hartuz, sasi konponbideak bultzatuz, eta gure herriaren oroimena deuseztatuz.

Herri errebelde honen oroimenean daude eta betirako egongo dira askatasunaren alde hil zirenak, gure gudariak, dena eman zutenak. Haiengandik ikasi genuen ere, makurtzea edo damutzea ez zela bidea, ez garela lotsatu behar gure iraganaz, herri honek ez diola inori ezer zor, are gutxiago zapalkuntza basatia burutzen dutenei.

Dena eman zuten gudariak gure bizitzan daude presente, baita gure pausu edo erabakietan ere. Ez dugu ez lotsarik ezta beldurrik ere haien oroimena eta presentzia aldarrikatzeko, haietaz harro gaudela esateko. Beharrezkoa da erasoen aurrean tente mantentzea, independentzia, sozialismo eta amnistiaren aldeko borrokan gogoz jarraitzea... gure kideak direlako, gure iragana delako, gure iragana ere direlako, gure eredua direlako, gure malkoen eta indarren “errudunak” izan direlako, maite ditugulako. Ez ditugu inoiz ahaztuko, eta ez dugu onartuko haien ahanztura edo manipulazioa.

Zuek gabe inora ez!!! Gora gure gudariak!!! Izan direlako gara eta garelako izango dira!!!

Amaitzeko, orain dela aste batzuk Hodei eta Egoitzen heriotzaren urtemuga izan zen. Familiei besarkada estua, egun hauetan oroimena mingarriagoa da. Euren barreak, koherentzia eta ausardia betirako nirekin, haien konpromisoa eta zuen duintasuna niretzat eredu.