Sortu deslotu egin da

Az, 2020/11/11 - 15:09 argitaratua

Egia esan, Sortuk (2020-11-10) ez digu ezer berririk esan. Ikuspegi publikotik, babarrunak 2009ko esku-kolpearen bezpera baino dezente lehenago jarri ziren beratzen estrategia aldaketa ospetsuarekin. Orain arte ere horrela adierazi dugu eta ez gara errepikatuko.

Euskal herritar askorentzat, kuartelik gabeko 60 urteko borroka izan dutenentzat (ez Ezker Abertzale antolatu osoarentzat), Sortuk, ENAM izan zenaren zati garrantzitsu bat, okupatzen ta esplotatzen gaituzten frantses eta espainiar sisteman sartzea lortu duela aipatu behar dugu.

Hauetariko batzuk, aldaketak ez zekarrela azken ETAren desagerpena soilik, baizik eta gure etsaien sistemeekiko menpekotasuna ere sinetsita. Beste asko, batere konbentzimendurik gabe, baina "goitik" edo goragoko instantzietatik datorren guztiari men egiteko ohitura txarrarekin. Nekea, pixkanaka pixkanaka, baina atsedenik gabe ematen joan diren pausuak, bere garaian sinesgaitzak ikusi zituztenak.

Beste batzuek burgesi txiki, sozialdemokrata eta behar izanez gero eratutako sistemaren defentzaile leialak duen berritsu handienaren (eta haren jarraitzaileen) milongak ez zituzten sinistu.

Orain, Txikitotik eta bere borrokatik hainbat arrazoiengatik deslotzen direla esaten digute. Ezker Abertzaleak historikoki erabili dituen moduekin bat ez datorrela, haiek daukaten estrategi/politiko praktikarekin zer ikusirik ez duela...etab. Ez dugu bere komunikatuaren propagandarik egingo.

Azken 11 urteetan, bere dinamika politikoa Euskal Langileriatik guztiz aldendu denean, gezurra dirudi orain hori guri esatea. Eta esan beharra dago, kasu honetan bai, Sortu Euskal Langile Naziotik guztiz aldendu dela. Edo...euskal oligarkia industrialaren eskubideen alde ere borrokatzen dira?

Guztia bakearen eta bizikidetzaren alde. Ez dago klase borrokatik.Iraganeko gauzak dira. Orain, estatu espainolean "botere" pixkat lortzeko garaia heldu da. Burgesia basko-espainolarekin goi Nafarroa eta Baskongaden auzia banatzeko garaia heldu da.

Zipaismo politikotik sistemaren zutabe izatera tarte bat dago, baina Sorturen aparatukoak eta bere ingurukoak modu olinpikoan ari dira helburu hori lortzeko asmoz korrika egiten.

Txikito eta Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko borroka hor dago, eta hor egongo da. Kapitala suntsitzen ez den bitartean eta hau mantentzen duen egungo egitura ekonomikoa, politikoa, juridikoa, administratiboa, lurraldekoa.. erorarazten ez den bitartean, ez dago etorkizunik gizakiarentzat.

Jon Iurrebaso Atutxa - 2020-11-11