Preso Politikoen Nazioarteko Eguna


Jon Kepa Preciado Izarra - Euskal preso politikoa - Og, 2018/04/19 - 00:16 argitaratua

"Espiritu nahikoa daukat beste mila urterako. Hemen ere, espetxean, gar eternala sutan dagoela ikusten dut, nire bihotzaren garra eta hemen barruan tormentuak pairatzen dituzten nire kideena.”

Paragrafo hau Felix Dzerzhinsky poloniarraren espetxe egunkarikoa da, aurreko mendearen hastapenetan 11 urtez preso politiko boltxebikea izandakoarena alegia. Nik ez nuen ezagutzen, ezta bere paragrafoak ere baina orain dela gutxi kide batek bidali zizkidan. Lekukotasuna, milaka dauden bezalakoak, duintasunez, koherentziaz eta konpromisoz betetakoak, Estatu eta klase esplotatzaileen ziega zikinetatik pasatu eta pasatzen ari diren militante iraultzaileenak bezalakoak.

Pasarte honen berezitasuna da hori bidali zidan kideak, bere etxetik egin arren, jadanik bere espetxeratzearen atzera kontuan sartuta dabilelarik bidali zidala, eta bere etorkizunak kartzelarekin errimatzen du. Espainiar Estatuaren preso politikoen zerrenda luzean sartuko da. Berak “bilatu” du bere abestien letretan ideia bat eransteagatik, erresistentziaren ideia zoroa, zapalkuntza eta faxismoaren kontrako borrokaren ideia, matxinadaren ideia, ardi bat bezala bizitzeko gogorik ez izateagatik, borreroaren aurrean makurtzea ez aukeratzeagatik, begi eta ahoa itxita bizi nahi ez izateagatik eta kondenatu zuten epaileen aurreraino koherentziaz eta duintasunez egindako armadura eramateagatik, garai hauetan hain eskasa den jarrera eredugarria erakusten. Guzti honengatik besarkada handi bat, kide. Ez zaude bakarrik, zu bezalako jendeari esker besteok bakarrik sentitzen ez garen bezala. Irabaziko dugu!

Preso Politikoen Nazioarteko Egun honetan, askatasunaren gabezia pairatzen dugun militante politikook baterako garrasia botatzen dugu. Baina ez da egun bakana, baizik eta beste egun bat borrokatzen eta aldarrikatzen jarraitzeko.

Beno, apirilaren 17an zentratzeko esan behar dut ehunka direla Estatu espainolean arrazoi politikoengatik gatibu daudenak, gaurkoan bizpahiru aldiz zenbatuko dituztenak, hiru aldiz ilara egingo dutenak jantokira sartzeko edo isolamenduan badaude euren ziegetako barroteen artean euren janaria jasoko dutenak. Haien kideekin kirola egin, paseatu, eta hitz egiteko ordu gutxi izango dituztenak, edo ez, egun hau bakardadean pasatuko dutenak ere badaudelako, edo nahiko ez luketen jendearekin, euskaraz hitz egin ezinik. Badaude 5 minutuko deiren bat egingo dutenak, hori bai, aurrez IIPPek baimenduak.

Gehienak esnatu eta oheratuko dira egun honetan euren lurretatik ehunka kilometrotara. Batzuek, leihotik begiratuz gero, barrote batzuk ikusiko dituzte lehenago, gero metalezko sare bat eta azkenean, lauzpabost metrotara, beste lauzpabost metroko altuera duen harresi bat ikusiko dute.

Batzuek, atzo amestu zutena gogoratuz gero, “barruko” zer edo zer izango da, aske ez zaudela konturatzen laguntzeko beste seinale bat, ze kartzelan ametsak ere baldintzatuta baitauzkate. Eta askok hurrengo asteburuko bisitan pentsatuko dute, agian asteartea izanik goiz da urduri jartzeko senideen bidaia luze bezain arriskutsuagatik. Senide horietako batzuek aspaldi ez dituzte ikusi oso nagusiak edo elbarriak direlako hainbeste kilometro egiteko. Preso batzuei ez zaie desagertu poliki-poliki hiltzen dituen gaixotasun hori, egunerokoa izugarri baldintzatzen diena...

Beno, beste apirilak 17 bat, batzuentzat 10, 20 edo 30 baino gehiago ere izango dira, baina urteko gainontzeko egunak ere batu behar dira ere. Hemen barruan kontaketak ez du etenik.

Iazko apirilaren 17tik gaur arte bi euskal preso politiko hil dira kartzela barruan, haietako bat bere ziegan, bestea patioan. Senideak eta lagunak galdu dituzten kideak ere badaude, astero ehunka kilometro egitera kondenatuta dauden senide eta lagun horietakoak. Batzuetan kartzelaren atarian geratu dira erabaki bidegabeengatik eta umiliatzeko saiakeren aurrean duintasun jarrerak izateagatik.

Hau guztia eta gehiago espetxe politika eta salbuespen neurrien barruan dago, euren ideia eta printzipioekiko bizitza konprometitu bat izateagatik preso politikoei ezartzen dizkieten politikak dira. Hau eta gainontzeko estatu burgesen sistemari erasotzen dioten jarrerak hain zuzen ere. Sistema horietan errepresioa da matxino, txiro eta desberdinen aurka erabiltzen duten armarik nabarmenena, eta egoera honen ondorioetako bat da preso politikoak existitzea.

Logikaz, preso politikoa ezin da eredugarritzat jo. Estatu kapitalistek ez gaituzte inoiz hartu “internoak” izan behar duenaren eredutzat, ezta “hiritar ontzat” ere. Eta ez gure portaera txarragatik, ez, baizik eta, adibidez, baizik eta espetxe politika honetaz daukagun ikuspegi kritikoagatik, berau oinarritzen delako zapalkuntzan, umiliazioan eta politikarekiko gure inplikazio eza eta elkartasun eza bilatzen duelako.

Politika hauek sakabanatzen gaituzte, bakartzen gaituzte, eta haien bidez etsaien bertsioen, legeen eta arauen asimilazioaren zein garenaren eta ginenaren damuketaren bidea erakutsi nahi digute xantaia gisa. Eta hau egunero, ez bakarrik apirilaren 17an.

Preso politikoaren etiketa ez da doanekoa, esanahi asko baititu. Funtsezkoena da militante politiko konprometituak garela eta horregatik zapaltzen gaituztela, baina horregatik ere erakutsi behar dugu zapalkuntza horren kontrako gure erantzukizuna eta inplikazioa, eta gure helburu eta eskubideen alde borroka egiten jarraitu behar dugu, horrek ekarri gintuelako hona eta pairatzen duguna biziarazten diguna delako.

Preso politikoaren izaera iraultzailea izan behar da, beraz borrokalaria eta solidarioa, era kolektiboan egin behar die aurre erronkei, hori baita gure indarrik handiena. Soilik horrela eutsi eta aurrera egin daiteke. Kontrakoa, bide indibiduala, ez da eraginkorra, ez da militante politikoek zeharkatzeko biderik egokiena eta ezin da borroka eredutzat hartu. Ez da borroka molde bat ere, eta hau aplikagarria da fabrika bateko gatazkan zein gatazka politikoan. Jarduera egoista honek etekin indibidualak ekarriko ditu, baina baliogabea da, edota kaltegarria ere bai, helburu amankomunentzat.

Etsaien legeen eta arauen asimilazioan eta preso politiko zein euren ekintzen despolitizazioan oinarritzen diren politikak ezin dira borroka moldetzat aurkeztu. Ekintza horiek bultzatzen dituen estrategia preso politikoen irudi historikotik urrun dago, gaurkoan nazioartean aldarrikatzen denetik eta gaur inoiz baino gehiago oihartzun berezia hartzen duten exijentzietatik urrun.

Amnistiaren aldeko borroka da preso politiko eta eremu horretan lan egiten duten erakundeen ekarpenetan nagusitu behar diren ekarpenak eta dinamikak. Hau kontutan hartzen ez duen edozein planteamendua ez da baliagarria izango, batez ere aldarrikapen hori praktikan desagertzen denean, praktika baita osotasun guztia baliagarri bihurtzen duena. Zaila da ulertzen, beraz, preso politikoen existentzia eta aldi berean amnistiaren aldeko borrokaren desagerpena. Hau ontzat ematea izan ginena eta garena amildegira botatzea da, etsaiaren, zapaltzailearen jarrera indartzea da.

Borroka molde orok dauka bere analisia, bere teoria eta bere praktikako martxan jartzea, edozein estrategiari bizitza ematen dion ekinbiderako gida. Ezinbestekoa da bere aplikazioa bide egokitik aurrera egiteko, borroka eta protesta molde beharrezkoak erabiliz urrats bakoitzean gure helburuetara hurbiltzeko.

Amnistia praktikan helburu estrategikotzat likidatzeak analisi eta teoria okerra azaleratzen du, zeinean preso politikoaren subjektuak bere esentzia galtzen duen. Hau da, amnistia desagerraraztea, praxian, preso politikoaren irudiaren desagerpena da.

Denoi dagokigu gure esentzia, gure natura, bizirik eta osorik mantentzea. Modu honetan gur ekintzek bai egingo dute ekarpena gure helburuen aldeko borrokan. Ez gara herri eta klase gisa burujabetuko errealitatea alderantzikatuz, zapaltzaileari eremuak emanez, inora ez daramaten bidezidorrak bilatuz. Hau gatazka politikoa da, gu militante politikoak gara eta gure borroka izan da, da eta izango da politikoa.

Gaur, egunero bezala, garrasirik ozenena amnistiarena izan behar da, sistemarentzat militante ezerosoak izateagatik aplikatzen diguten salbuespen legeen salaketarena izan behar da, eta elkartasunarena, kolektibismoarena, duintasunarena eta koherentziarena izan behar da.

Bukatzeko, besarkada iraultzailea preso politiko guztientzat, anarkistak, komunistak, independentistak, katalanak, galegoak, euskaldunak, andaluziarrak, kolonbiarrak, irlandarrak, palestinarrak, sahararrak, maputxeak...

Indar handia eta erresistentzia!!! Irabaziko dugu!!!

Ezina ekinez egina!!!

Presoak kalera, amnistia osoa!!!

Jon Kepa Preciado Izarra

Kordobako espetxean, 2018ko apirilaren 17a.