Oier Gomez: "Iraultza horren parte izan behar nuela oso argi izan dut beti"


Elkarrizketa egin dio Etxarriko taldeak La, 2018/11/24 - 01:30 argitaratua

Etxarriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko lagunek Oier Gomez elkarrizketatzeko aukera izan dute. Oier 2002an sartu zuten adingabeen kartzela batean kale borrokan aritzea leporatuta. Berriz ere kartzelatu zuten 2007an eta urtebetez izan zuten preso beste sabotaje bat leporatuta. 2011n ETAko militantea izateagatik atxilotu zuten Frantzian eta kartzelan mantendu zuten pairatzen duen gaixotasun larria dela eta, zigorra bertan behera utzi zuten arte. Gaur egun Euskal Herrian dago, Baionan, baina ezin da Gasteiz bere jaioterrira itzuli. Hona hemen elkarrizketa.

Nor da Oier Gomez?

Euskal Herri independente eta sozialista bat lortzeko, bere bizitza emateko beti prest dagoen euskal herritar xume bat baino ez naiz.

Ze egoera soziopolitikoa bizi izan zenuen zure gazterian? Zerk bultzatu zintuen Euskal Herriaren alde dena ematera?

Oso gazte nintzenean, herri honetan iraultza bor-borian zegoen eta horrek nire barne guztiak mugitu eta horrek nire heziketa politikoa hastera bultzatu ninduen. Gainera iraultza horren parte izan behar nuela oso argi izan dut beti.

Nola baloratuko zenuke zure militantzia garaia?

Argi geratu dadila, nire militantzia guztiagatik beti burua tente bizi naizela eta bereziki etakidea izateaz guztiz harro nagoela.

Eta nola baloratuko zenuke oraingo egoera soziopolitikoa?

Nire ustez, gaur egun, ni gazte nintzenean dena ematera bultzatu ninduten arazo eta borroka guztiek, lortu gabe segitzen dute, beraz borrokan jarraitu behar dugu. Gainera dena eman duten eta ematen segitzen duten iraultzaile guztiak ezin ditugu ahaztu, guretzako GUDARIAK DIRELAKO!!!