Jon Kepa Preciadoren iritzi artikulua

Al, 2020/06/29 - 15:45 argitaratua

 

 

Idazki hau hasten dut, Patxik gose greba utzi eta egun batzuetara. Argi dago, Patxiren borroka moldea ikusita, afera honen amaiera era ezberdinaz izan litekeela, eta horrek idazki honetan bere eragina izango zuen, agian ez mamian, baina bai idazkeran.

Borrokaldian zehar jaso izan ditudan berriek indartzen zituzten hasieratik plazaratu nahi nituen hausnarketak, hasiera hasieratik hasi ginelako sumatzen, Patxik burututako borrokaren inguruan nabarmenduko zela Euskal Herrian bizi den egoera politikoa, batez ere preso politikoen aferari dagokionez. Eta goizago edo beranduago denok izan dugu sentimendu hori, eta seguru aski kalean zaudetenok osagai gehiago ikusi duzue hausnarketa hau egiteko.

Ni oso informatuta izan naute, telefonoz eta gutunen bidez (hauek berandu heldu arren), eta itxialdia burutu dudan bitartean Euskal Herritik oso gertu sentitu naiz, kaleak bete dituzuenengandik oso gertu. Patxiren egoeraren berriak, leku askotan burututako ekintzak, gose grebalarien konpromisoa, jende mordo baten mobilizazioak, beste kide presoen ekimenak …, eta baita ere, sektore baten jarraitzaileen aitzakiak, kontakizunak, zitalkeriak … . Kolore biziagoak eman dizkiote Euskal Herrian bizi eta ezagutzen dugun egoerari, eta uste dut jada inor ez dela galdu hasierako lainoan eta inoiz baino argiago dagoela zer dagoen eta non dagoen bakoitza Gatazka Politikoari dagokionez, batez ere preso politikoen gaian.

Kartzelan elkartasun hitza desagertarazi eta indibidualismoaren apustua egiten duen sektore batek erakutsi duenak ez nau harritu, urteak eta urteak berdina erakusten daramatzatelako, eta haiek eszenatokira atera diren aldiro gertatu den bezala, honetan nire printzipioak eta erabakiak indartzea lortu dute berriz ere, eta argi utzi dute ez daukatela ildo duin eta emankor bat eskaintzeko barruan gauden militante politikoei, euren eskaintza, besteak beste, indibidualismotik, gure izaera politikoa ahaztetik eta sistemak ematen duen bidetik pasatzen da, hori da euren apustua.

Baina benetan interesatu behar zaiguna da kartzelan eta kalean ikusi diren hainbat ekimen, konpromiso eta aurrera pauso. Patxiren borrokaldiarekin batera ekimen horiek izan dira zalantzarik gabe hilabete hau markatu dutenak.

Orain dela urte batzuk, Euskal herrian ildo iraultzaileak bere presentzia berreskuratu zuen eta gero eta handiagoa da. Adibidez, Amnistiaren inguruan antolatuta dagoen jendeak urteak daramatza lan egiten eta argi uzten preso politikoen afera ezin dela amaitutzat edo gainditutzat hartu eta Amnistiaren aldeko borroka ezinbestekoa dela, gai zehatz horretan soilik ez, baizik eta gatazka osoari irtenbide bat emateko.

Borrokaldi honetan, Patxiri babesa ematen, baina baita ere borroka zintzoa eta koherenteari zilegitasuna ematen, sortu diren hainbat konpromisok eta ekimenek esan nahi dute Euskal Herrian ez dela galdu izaera borrokalari eta iraultzailea, urteetan bizirik mantendu gaituena, errepresioari eta esplotazioari aurre egiteko beharrezkoa dena.

Lehen esan dudan bezala gutunei esker, kaleko giroaz bustitzen joan nintzen, eta horietan irakurri ahal izan ditudan adibide batzuk. Lagun batek idatzi zidan…”70 pertsona bildu ginen gutxi gora behera, eta onena, oihuka ibili ginela denbora osoan, lelo bat hurrengoarekin gainjartzen zen, eta hori egia esanda orain dela asko ez zen ikusten manifa batean”. Senide batek “Estos días estamos viviendo manifas olvidadas en tiempos lejanos(…). También me ha servido para tener fe en el futuro. Vuelves a casa ilusionada”. Eta ezagutzen ez dudan gazte nafar batek “Presoen horrelako borroka ez dugu inoiz bizi, eta hau guretzako “lehenengo esperientzia” izaten ari da(…) Patxiren borrokak presoekiko lotura sendotzea ekarri digu, zuek presente izatea eta zuen alde borrokatu behar dugula birgogoratzea!”.

Besteak beste, hau izan da borrokaldi honek lortu duena eta orain mantentzeko beharra daukaguna. Beste gaiekin bezala, presoen aferarekin ezin gara saltoka ibili, ezin gara “esnatu” urtean behin, ildo bat mantendu behar da. Lehen esan bezala, jende multzo batek gai honen inguruan urteak antolatuta daramatza, baina mobilizazioz betetako hilabete honetan erakutsi den giharra eta amorrua ezin dira galdu.

Patxik hasi zuen borroka muturreko egoeran sortu zen, baina preso politikoen egoera orokorra hartuz gero ikusten da bai barruan, baita kalean ere borrokarekin konpromisoa beharrezkoa bezain premiazkoa dela.

Gu, presoak, gorputz handi baten atal bat gara eta gorputz hori ezin izango da aurrera joan gu gabe, ez du inongo proiekturik zilegitasuna izango  preso politikoak bere presentearen parte ez baldin badira.

Barruan gure burua militante politikotzat hartzen dugunok bagaude, eta gure proiektu eta izaera beste belaunaldi batzuk eraiki eta bultzatu zutena da, gure konpromisoa zintzoa eta koherentea da helburu eta borrokarekiko, kolektiboan pentsatzen eta aportatzen dugu, eta gure ideiak eta nahiak konpartitzen dituen jendearekin lan egiteko gogoak dauzkagu. Eta hilabete honetan, Euskal Herriko izkina askotan erakutsitako konpromisoek esan nahi dute jende asko nahi eta behar berdinak konpartitzen dituela.

Sortu den giroa aprobetxatu behar da eta bakoitzak bere eraz eta bere lekutik bultzatu behar dugu ildo iraultzaile hori, bide hori non presoen gaia,  afera politiko gisa lan egiten den, eta gu, presook, militante politiko baliogarritzat hartzen, eta ez egunkari zehatz baten portadan agertzen den zenbaki sinple baten moduan.

Denon ardura da presoak babestea eta aktibo mantentzea, denon ardura da Prozesu Askatzailea bizirik mantentzea, denon ardura da euskaldunon izaera borrokalari eta errebeldea indarrean mantentzea. Orain berriz erakutsi dugu eta arduraz jokatu dugu, beraz pozik egon behar dugu, batzuk amaitutzat ematen zutenak bizirik dirauelako, bizirik baikaude.

Amaitzeko, besarkada estu bat borrokaldi honetan aktiboki kalera atera zaretenoi, zuen konpremesua eta amorrua erakutsi duzuenoi, batez ere gazteei, mobilizazio eta ekimenak bete dituzten gazte guzti horiei, eman duzuen aurrera pauso honek, bide iraultzailea indartzen du, bidean elkartuko gara!!!

Musu bat gure senide eta lagunei, batez ere Patxiren ingurukoei, eta nola ez Patxi kideari, eta kartzeletan koherentzia eta elkartasuna erakutsi duten kide guztiei. Inoiz baino ozenago …

Gora gu ta gutarrak!!!

Jo ta ke amnistia lortu arte!!!

Borroka da bide bakarra!!!

Gora iraultza sozialista!!!