Izaera politikoa galtzearen gainean. Damuaren gainean. Garraztasunik gabeko termino politikoetan


Jon Iurrebaso Atutxa - ETAko preso politiko ohia Og, 2017/10/12 - 00:09 argitaratua

Presoaren izaera politikoaren galera

Historikoki, baldin eta Euskal Preso Politikoren batek, norberaren etekinari begira eta beste Euskal Preso Politiko batzuen kalterako, etsaiaren legeari men egin izan badio eta haren arau edo aginduetara jarri izan bada, galdu egin du Preso Politikoaren izaera. Halaxe gertatu da azken 60 urteotan bederen, eta milaka herritar dira horren lekuko, gaur egungo jarrera politikoa edozein dela ere.

Damutuaren figura

Arestian aipatutakoak, Preso Politikoen Kolektibo historikoak sobera dakien beste kontu bat dakar berekin. Hau da, pertsona, militante, kolektibo eta herri mailan zapaltzen gaituzten legeak onartzean, damutuaren figuraz ere ari gara. Hala bereizten dira bi arlo horiek. Halakoetan diharduenak bere buruari ematen dion kalifikatiboa bat edo bestea bada ere.

Nor da damutzen dena? Normalean “atzera egiten duena”, “hitza jaten duena”, “arnegatzen duena”, “esandakoa zuzentzen duena” “damu izaten dena”…. Esandakoaz, egindakoaz eta pentsatutakoaz ere damutzen dena, hori dena indarrean dauden “legeei” jarraiki. Baina, hori kasualitatea, gure zapalkuntza nazional eta sozialean eragiten duten legeak dira horiek.

Modu horretara, irtenbide pertsonalaren ondoriozko izaera politikoaren galerak, gainerako Euskal Preso Politikoekiko solidaritate eza erakusteaz gain, alde batera uzten ditu etsaiaren espetxe-politikaren aurkako erresistentzia eta defentsarako dinamika guztiak, eta damuaren figurara garamatza halabeharrez.

Baliteke norberaren konbentzimenduzko damua izatea (badago kasuren bat edo beste) edo interes egoistagatik bakarrik damuari “loturik egotea” espetxe-baldintzak hobetu eta geroago askatasun indibiduala lortze aldera. Biak ala biak erabat kaltegarriak irtenbide indibidualak onartzen ez dituzten preso politikoen kasuan, amnistia baitute horizonte politiko gisa.

Egiazkoak eta gezurrezkoak

Gezurrezkoa da, teorian eta praktikan, “alderdien legea” eta ezarritako ordena osoa onartu gabe Euskal Herria Sozialistaren aldeko borroka posible ez dela esatea. Alegia, “borroka” erosoagoa. Urte pare batean halakoa esaten jarraitzen badugu, kakotxa horiek kenduko dizkiogu konbentzimendu osoz.

Gezurrezkoa da, prozesu independentista abiarazi ahal izateko, armak etsairi entregatzea ETAren helbururik behinena zela esatea. Gezurrezkoa da, ETAren desarme ideologikoa aspaldiko kontua da eta.

Gezurrezkoa da Euskal Preso Politikoen irtenbide indibidualak lagungarri gertatzea prozesu independentistan. Independentziara abiatzeko asmoz, etsaiaren legeari men egitea entelekia bat da, besterik ez. Gauza bera Estatua dela, azken finean, indarkeriaren jabe bakarra, nahi izan ala ez, alderdien legeari zeharka begiratzen ez zaion arrazoi beragatik, baizik eta praktikatzen dela modu zehatzean.

Artikulu honen ondorio bat

Kontuan edukita men egitea, damua eta haien legeak onartzea direla espainiar arruntak edo eusko-espainiarrak izateko gure etsaiek jartzen dizkiguten baldintzak, nola da posible Euskal Herria Sozialistaren eraikuntzan positibo izatea baldin eta gure izanaz eta egindako borrokaz damutzen bagara?