Xabier Rey Urmenetaren heriotzaren aurrean

Az, 2018/03/07 - 02:16 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere haserrea eta tristura agertu nahi du Xabier Rey Urmeneta euskal preso politikoa bere ziegan hilda agertu eta gero, eta bere dolumin zintzoenak helarazi nahi dizkie haren senide eta lagunei.

Era berean, Xabierren heriotza Espainiako Estatuak bultzatutakoa dela salatu behar dugu eta, ondorioz, erailketa politikotzat hartzen dugula. Espainiako kartzela orotan preso politikoei ezartzen dizkieten bizi baldintzak batere samurrak baldin ez badira, Puerto III-ko kartzelakoak gogorrenetan gogorrenak dira. Gogorarazi behar dugu Puerto III-ko kartzela benetako sarraski gunea izan dela ireki zuten une beretik, eta euskal preso politikoekin esperimentatzeko erabili egin dutela hasieratik. Ezarritako erregimena sobera ezaguna da bere gogortasunagatik, eta bertako kartzelariak bere jarrera militante faxistagatik. 2010eko maiatzean Arkaitz Bellon elorrioarra (gerora Puerto I-ean hilik agertu zena) jipoitu egin zuten.

Ezagunak dira Arantxa Zuluetari ezarri zioten erabateko isolamendua eta Iñaki Bilbao 'Txikito'-ri berrikiago ezarritako lehenengo graduaren lehenengo fasea (dagoeneko kendu diotena), espetxean ezar daitekeen egoerarik murriztaileena. Gaur egun Iñaki isolamendu moduluan mantentzen dute oraindik (2007tik dago modulu horretan), Frantziatik estraditatu berri duten Jon Bienzobas bezala. Azkenengo honi ere lehenengo graduaren lehenengo fasea aplikatu diote Puerto III zapaldu bezain pronto.

Hasieran esan bezala, Xabier Rey Espainiako Estatuak erail du gure herriaren aurka mantentzen duen gerra kamuflatuan. Euskal Herrian ez dago bakerik, eta ez da bakerik izango preso, iheslari edo deportatu politiko bakar bat gelditzen den bitartean. Euskal Herrian ez da bakerik izango langileriaren esplotazioak eta frantziar zein espainiar okupazio inperialistak dirauten bitartean.

Ez luke esaldi errazen garaia izan behar, ezta iraultza urrunen kontakizun erromanikoena ere. Itxura emateak ekinbideari aurrea hartu dion garaiotan, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gaur, atzo eta bihar bezalaxe, borroka garaia dela azpimarratu nahi du. Errepresaliatu politikorik gabeko Euskal Herri aske bat lortu nahi dugularik, borrokarako deia egin nahi dugu berriz ere, soilik borrokatuz lortu ahal izango ditugulako gure helburuak. Estatuei gerra beti! Agur eta ohore, Xabier!

Euskal Herria, 2018ko martxoaren 7a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.